Euskal Herriko dantza-sorkuntza frankofonian hauspotzeko mugaz gaindiko elkargune profesionala
2025/09/06
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal Herriko dantza-sorkuntzari buruzko mugaz gaindiko aliantza aurkeztu dute Etxepare Euskal Institutuak eta Malandain Ballet Biarritz Frantziako Koreografia Zentroak, Biarritzeko Udal Kasinoan antolatuko ‘Saut de basque’ izeneko jardunaldi profesionalean, Maitaldia dantza-jaialdiaren baitan. Euskal artisten ekoizpena, hedapena eta nazioartekotzea frankofoniaren unibertsoan sustatzea du helburu lankidetza-esparru estrategikoak, eta elkarlan horren berri emateaz gain, bertaratutako sortzaileek, dantza-konpainiek, erakunde publikoek eta frankofoniaren eremuko kultur programatzaileek sektorearen erronkez ere hausnartu dute.
Hitzorduak 80tik gora lagun bildu ditu, eta, besteak beste, euskal artisten nazioartekotze-estrategiak, lankidetzarako baliabide eta tresnak, ibilbide artistikoak, sorkuntza-egonaldiak eta abar hartu ditu hizpide. Ekitaldia Biarritzeko alkate Maider Arosteguyk, Malandain Ballet Biarritzeko zuzendari artistiko Thierry Malandainek eta Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak eman diote hasiera. Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak eta Biarritzeko Koreografia Zentroko ondoko zuzendari Yves Kordianek, ondoren, euskal dantzak mintzaira frantseseko lurraldeetan proiektatzeko beharrezko baliabide eta egiturez, eta euskal artisten sorkuntzari, koprodukzioari, lankidetzari eta zabalkundeari eskainitako babesaz jardun dute, hurrenez hurren.
Euskal Herriko dantza-sorkuntzaren inguruko egungo eta etorkizuneko erronkak aletu dituzte zenbait sortzaile gonbidatuk, hala nola, Bilaka Kolektiboko kide diren Arthur Barat eta Cybèle Damestoyk, Biarritzeko Koreografia Zentro Nazionaleko zuzendari artistiko izango den Martin Harriaguek, edota Eneko Gil koreografoak. Halaber, ikuskizun bateratua eskaini dute dantza-konpainia ezberdinetako kideek.
Estrategia partekatua
Ballet Biarritz Frantziako Koreografia Zentroak eta Etxepare Euskal Institutuak aurkezturiko aliantzak Euskal Herriko dantzaren zerbitzura bideratutako baliabideak lerrokatu eta mugaren bi aldeetara ekosistema bateratu batean sakontzen du, euskal artistei laguntza eta akonpainamendu integrala eskaintzea xede. Elkarlan horren bitartez, euskal dantza-sorkuntza frankofoniaren luze-zabalean proiektatzeko giltzarri bilakatzen da Biarritz, eta sektorean jada duen erreferentzialtasuna indartzen.
‘Ça colle au basque’, edo frankofoniara jauzi
‘Saut de basque’ edo euskal jauziak jantzi du Euskal Herriko dantzaren inguruko topaketa. Izan ere, Versaillesko gortera XVII. mende bueltan iritsi zen euskal dantzen oihartzuna, eta kultur espresiobide hark egin bezala, euskal sorkuntza garaikideak franfokoniaren lurraldera egingo du jauzi irailaren 15era arte luzatuko den Maitaldia jaialdian. Frantziako Koreografia Zentroa Ipar Euskal Herrian kokatuta egoteak aukera paregabeak eskaintzen dizkie sortzaile eta dantza-konpainiei, euskal sistemarentzat frankofoniaren unibertsorako sarbide natural baita.
Horrez gain, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik euskal kulturaren proiekzioa frankofoniaren eremuan indartu asmo duen ‘Ça colle au basque’ egitasmoaren baitan antolatu da Euskal Herriko dantza-topaketa. Ekimen horren ildotik, euskal kulturaren presentzia indartu eta sustatzeko sinatu zuten iragan ekainaren 20an Etxepare Euskal Institutuak eta Frantziako Koreografia Zentro Malandain Ballet Biarritzek.
Maitaldia, Euskal Herriko dantza-konpainien erakusleiho
Bi erakundeen arteko lankidetzari esker, Euskal Herriko dantza-konpainien erakusleiho egonkor bilakatuko da Maitaldia. Aurten, zortzi euskal konpainia ariko dira irailaren 5etik 15era: Malandain Ballet Biarritz, Kukai Dantza, Bilaka Kolektiboa, Mizel Théret & Beñat Achiari, Dantzaz, Compagnie À Pas Furtifs, Cie Project ra.re / Collective Rabbir Research eta AltxaLili Show. Dantza klasiko eta garaikidearen erakusleiho da Biarritzeko Maitaldia, eta nazioarteko profesional eta programatzaileak biltzen ditu jaialdiak. Horrexegatik, euskal dantza konpainiek beren lanak nazioartekotzeko aukera paregabea eskaintzen du.