Deialdi ugari ditu zabalik Etxepare Euskal Institutuak
2019/05/13
Euskara. Kultura. Mundura.
Urtero moduan, aurten ere genero ezberdinetako euskal artistei babesa eta garapen internazionala errazteko zenbait diru-laguntza emango ditu Etxepare Euskal Institutuak. Une honetan, zortzi deialdi daude zabalik.
Urtero moduan, aurten ere genero ezberdinetako euskal artistei babesa eta garapen internazionala errazteko zenbait diru-laguntza emango ditu Etxepare Euskal Institutuak. Une honetan, zortzi deialdi daude zabalik.
Azken deialdiak maiatzaren 9an argitaratu ziren: arlo ezberdinetako euskal artisten nazioarteko mugikortasuna sustatzeko helburua duten diru-laguntzak. Arlo hauek musika, antzerkia, dantza, arte plastiko eta ikusizkoak dira, eta euren jarduera euskararen eremu geografikotik kanpora zabaltzen duten artista eta taldeei emango zaizkie. Birak, emanaldi bereziak, lehiaketak, erakusketak…
Etxepare Euskal Institutuaren ohiko deialdien babesean diru-laguntzarik jaso ezin dutenek ere badute euren lekua. Euskal kultura jarduerak eta proiektuak burutzen dituztenei diru-laguntzak emateko modua finkatzeko helburuarekin sortu zen deialdi hau.
Bestetik, egun berean argitaratu zen literatura itzulpenetarako diru-laguntza deialdia. Deialdi honen bidez euskaraz idatzitako obrak edo EAEn erroldatutako idazleenak edozein hizkuntzatara itzultzea ahalbidetzen da. Azken urtean, 15 itzulpen egin ziren Etxepare Euskal Institutuaren laguntzei esker, zazpi hizkuntza ezberdinetara. Zinema eta literaturaren munduko artistentzako bidaia poltsak eta nazioarteko azoketan stand-ak alokatzeko laguntzak ere eskaintzen ditu Etxepare Euskal Institutuak.
Azkenik, ekainaren bukaeran argitaratuko da ikus-entzunezkoen, arte eszenikoen, liburuen edo musikaren alorreko nazioarteko azoketan parte hartzeko diru-laguntza. Honekin, guztira 580.000 euroko zuzkidura dute laguntza hauek, pasa den urtean baino 15.000 gehiago.
Deialdi hauen inguruko Informazio guztia etxepare.eus webguneko deialdiak atalean aurkitzen da.