Eduardo Chillida Katedra 2022: Christian Berger
Euskara. Kultura. Mundura.
-
11Api 2022Frankfurt
Apirilean abiatuko da aurtengo Chillida Katedraren egitaraua. Etxepare Euskal Institutuak Goethe Universitat Frankfurt am Main-en, Alemanian, sustatzen duen katedraren baitan antolatu da eta graduko eta graduondoko ikasleei dago zuzenduta. Christian Berger ikerlaria eta Johannes Gutenberg Unibertsitateko irakurlea izango da aurtengo irakasle gonbidatua. Katedra apirilaren 11ean jarriko da martxan bere hitzaldi batekin, eta uztailean egingo duen tailerrak itxiko du egitaraua. Eskulturaren eta monumentuen ingurukoa izango da ladunko den gaitegia.
Berger-en hitzaldiaren izenburua hurrengoa izango da: ‘In Ermanglung einer besseren Bezeichnung – Positionen zum Skulpturbegriff seit den 1960er Jahren’. Bertan, gogoeta egingo du eskulturari buruzko jarreren inguruan, 60. hamarkadatik gaurdainoko aldaketen inguruan hausnartuz.
Graduondoko ikasleentzako mintegia ere egingo du, ‘Monumente in der zeitgenössischen Kunst’ edo ‘Monumentuak arte garaikidean izenburupean’.
Uztaileko tailerra edo workshop-a ‘Monumentuak eta mugikortasuna’ izenburupean egingo da.
Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko unibertsitateetan sustatzen dituen bederatzi katedretako bat da Frankfurteko Eduardo Chillida Katedra. 2012. urtetik dago martxan eta oro har XX. eta XXI. mendeko euskal artea nazioarteko testuinguruan aztertzeko irakaskuntza espezializatua eta ikerketak sustatzea du helburu. Katedrak Frankfurteko Unibertsitateko Artearen Historiaren Institutuan du egoitza, eta hark kudeatutako Curatorial Studies direlakoetan ematen dira eskolak. Urtero nazioartean garrantzia duen ikertzaile bat gonbidatzen du.