Eduardo Chillida Katedra: Mechtild Widrich
Euskara. Kultura. Mundura.
-
09Eka 202604Uzt 2026
Frankfurt
Mechtild Widrich izango da aurtengo ikerlari gonbidatua Goethe Universität Frankfurt unibertsitatean Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen Eduardo Chillida Katedraren baitan.
Widrich Artearen Historiako irakaslea da School of the Art Institute of Chicago-n (AEB). Vienako Unibertsitatean Artearen Historian lizentziatua eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) unibertsitatean Artearen eta Arkitekturaren Historian doktorea da. Bere ikerketek arte publikoa, monumentuak eta memoria kolektiboa, performancearen dokumentazioa, hiri-espazioa eta artearen dimentsio politikoa aztertzen dituzte bereziki.
Aurtengo egonaldian bi mintegi eskainiko ditu. Lehenengoa, masterreko ikasleei zuzendua, Art and Urbanity izenburupean garatuko da. Mintegiak hiri-fenomenoen, praktika artistikoen eta eraikitako ingurunearen arteko harremanak aztertuko ditu. Hiria espazio fisiko gisa ez ezik, irudikapenaren eta bitartekaritzaren eremu gisa ulertuko da, eta arte publikoaren, performancearen, komunitate-ekimenen eta politika, arraza, genero zein teknologiaren arteko loturak landuko dira. Testuinguru horretan, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea eta Eduardo Chillidaren lanak aztertuko dira, beste hainbat artistarenekin batera.
Bigarren mintegia graduko ikasleei zuzendua izango da eta Against the Monument? New Forms of Commemoration izango du izenburu. Ikastaroak espazio publikoko oroimen-artearen bilakaera aztertuko du, monumentu klasikoetatik gaur egungo esku-hartze artistikoetara. Mintegiak galdetuko du nola egin daitezkeen ikusgarri garaileen kontakizunak ez ezik, biktimen eta bazterturiko historiak ere, eta artearen, espazio publikoaren eta botere politikoaren arteko harremanak aztertuko ditu. Besteak beste, Jorge Oteizaren, Eduardo Chillidaren eta Cristina Iglesiasen lanak izango dira aztergai.
Egitaraua
‘Art and Urbanity’ (Masterreko mintegia)
- 2026ko ekainaren 11tik uztailaren 2ra.
‘Against the Monument? New Forms of Commemoration’ (Graduko mintegia)
- 2026ko ekainaren 11tik uztailaren 2ra.
Jarduera osagarriak
Hitzaldi irekia: ekainaren 17an.
Doktoregaientzako tailerra: uztailaren 1ean.
Artista gonbidatu baten hitzaldia (baieztatzeke).
Eduardo Chillida Katedra
Alemaniako Goethe Universität Frankfurt unibertsitatean kokatutako Eduardo Chillida Katedra Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko unibertsitateetan sustatzen dituen katedretako bat da. Katedraren helburua euskal artearen inguruko irakaskuntza eta ikerketa sustatzea da nazioarteko esparru akademikoan, eta urtero nazioarteko aditu nabarmen bat gonbidatzen du euskal arteari lotutako ikastaro eta jarduerak eskaintzera.