Zabalik da Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroaren XVI. edizioan izena emateko epea

2026/06/01

Ikastaroa uztailaren 8an egingo da Donostiako Miramar Jauregian, eta euskararen eta musikaren arteko harremanari helduko diote. 

Euskara. Kultura. Mundura.

Urtero bezala, euskararen irakaskuntza helburu duen ikastaroa antolatu ohi du Etxepare Euskal Institutuak EHUko Uda Ikastaroekin lankidetzan. Ikastaroaren helburua egungo eta etorkizuneko irakurleen prestakuntza indartzea izan ohi da, eta hizkuntzen eta humanitateen irakaskuntzan interesa duen orori zuzenduta egon bide da.

Aurten, helburu berbera izanik ere, jite ezberdin bat hartuko du Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XVI ikastaroak, musikaren eta euskararen arteko harremana aztertuko baitute bertan. ‘Euskara oholtzetan: musika, hizkuntza, nazioartea’ izenburupean, ikastaroak goiz bateko programa eskainiko du, profesional eta musika alorreko aditu nabarmenen eskutik, Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearekin elkarlanean.

Hala, musikan euskarak duen presentziari, gaur egun euskaraz sortzen den musika-aniztasunari, sortzaileek egiten dituzten hizkuntza-hautuei, eta horiek nazioartekotze-prozesuetan duten eraginari helduko diote, besteak beste. 

Uztailaren 8an egingo da, goizez eta online zein aurrez aurre egiteko aukera izango da. Matrikulazio epea zabalik dago, honetara ezkero.

Ikastaro honek gaur egungo euskarazko musikaren eta musikagintzaren egoerari buruzko ezagutza eguneratzeko balio du, bai eta joera nagusiak eta sortzaile berriak ezagutzeko ere. Halaber, nazioarteko testuinguruetan euskal musikariek izan ditzaketen erronkez jabetzea sustatuko du ikastaroak, behar eta erabaki estrategikoak identifikatze aldera. Era berean, euskara eta musikarien arteko harremana sakontzeko aukera eskainiko du, hizkuntzak sorkuntzan, estiloetan eta publikoarengan duen eragina aztertuz.

Etxepare Euskal Institutuak urtero ikastaro honek, bestalde, egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotu asmo du. Euskaran edo musikagintzan interesa duen publiko orokorrarentzat zuzenduta izan arren, esangura berezia du euskara atzerrian irakasten diharduten, edo irakasteko asmoa duten profesionalentzat. Irakurlea, Euskal Herritik kanpoko unibertsitateren batean euskara eta euskal kultura eskolak ematen dituen irakaslea da. Horrez gain, esparru akademikoan euskararen eta kulturaren ordezkari eta dinamizatzaile ere bada, kultur eta akademia-jarduerak antolatuz eta kultur arteko topaguneak sustatuz.

Ikastaroaren programa xeheki ezagutu eta izena emateko, honako esteka honetara jo.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>