Egonaldi artistikoak Wroclawen: deialdia zabalik

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-06-06

Beste urtebetez, zabalik da Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistikoak burutzeko euskal artistei zuzendutako deialdia. Etxepare Euskal Institutua eta Wrocław Culture Zone (Strefa Kultury Wrocław) erakundeen arteko lankidetzari esker, bi artistak zortzi asteko egonaldia egiteko aukera izango dute, hiriaren kultura eta nortasun garaikidean oinarritutako proiektua garatzeko.

Beste urtebetez, zabalik da Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistikoak burutzeko euskal artistei zuzendutako deialdia. Etxepare Euskal Institutua eta Wrocław Culture Zone (Strefa Kultury Wrocław) erakundeen arteko lankidetzari esker, bi artistak zortzi asteko egonaldia egiteko aukera izango dute, hiriaren kultura eta nortasun garaikidean oinarritutako proiektua garatzeko.

Diziplina anitzeko egitasmoak aurkeztu daitezke uztailaren 10era arte zabalik egongo den deialdi honetara. Hautatutako artistak irailaren 24tik azaroaren 18ra egingo dute egonaldia Wroclawen. Bidaia eta ostatu gastuez gain, artistek 2.000 euroko ordainsaria jasoko dute, hala nola, proiektua aurrera ateratzeko produkzio, promozio eta komunikazio babesa.

Hain zuzen ere, Donostiarekin batera 2016ko Europako Kultur Hiriburu izandako hiria da Wroclaw, eta egitasmo honek jarraipena ematen dio 2014az geroztik Donostia 2016 eta Wroclaw 2016 Kultur Hiriburutzen baitan sortutako artisten elkartruke programari. Euskal artistak Poloniako hirira euren proiektuak garatzera doazen bosgarren aldia izango da. Orain arte guztira 10 euskal artista izan dira bertan diziplina anitzeko proiektuak sortzen.

Artists in Residence Programme (AIR Wro) izeneko egonaldi artistiko hauen xedea da kultura eta artearen alor ezberdinetan jarduten diren sortzaileen lana lagundu eta sustatzea; beti ere, euren lana hiri-identitatea eta kultura kontzeptuen inguruan burutzen badute. Izan ere, egonaldi artistiko hauen azken helburua hiri modernoaren arazoen konponbiderako praktika egokiak aurkitzea eta bitartekaritza sustatzea baita.

Euskal artistentzako aurtengo deialdiak hiriaren nortasunarekin lotuta dauden eta faktore ezberdinek – sozialak, historikoak, pertsonalak– eragiten dituzten mugimendu eta aldaketekin du zerikusia. Hiriaren paisaia eta ekosistema jendeak osatu eta eraldatzen duen zerbait da. Nola ordea? Elkar eraginez ala elkar oztopatuz? Hirietako komunitateetan etengabe gertatzen ari diren aldaketen ondorioz ekintzailetza, praktika artistiko eta kolektibotasun-eredu berriak ari dira sortzen. Aldaketa horiek, askotan, hiritar jarrera gisa definitu ohi diren korronteekin bat egiten dute: ikerketa eta hiri-heziketa, garapen iraunkorra eta ekologia, gerrilla-ekimenak eta auto-antolakuntza, eta espazio publikoarekin lotura duten gaiak. Guztiek dute, nolabait, eragina gure bizitzeko, elkar bizitzeko eta lan egiteko moduan.

Hiria eta bere kultura elkarrizketan eta bitartekaritzan sustraitutako jarduera artistiko, kultural eta sozialen abiapuntu izan daitezke. Egitasmo honen bitartez, hiri-identitatean eta kulturan interesa duten artistei gonbitea egiten zaie Wrocławen proiektu berri bat sor dezaten. Egonaldiak ezinbestean jaso beharko du bertako herritarrekin workshop bat, eta egonaldia amaitzean, publikoari irekitako aurkezpen bat egingo da.

Parte hartu nahi duten hautagaiek eskabidea eta dokumentazioa bidali beharko dituzte etxepare@etxepare.eus helbidera. Batzorde espezializatu batek bi proiektu hautatuko ditu eta Wroclaw Culture Zone zein Etxepare Institutuaren web orrien bitartez emango da hautatuen berri. 

Deialdiaren xehetasun guztiak hemen aurkituko dituzu.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu