Etxepare Euskal Institutuak Europako kulturen arteko elkarrizketarekin bat egingo du MONDIACULT 2025en
2025/09/29
EUNICen Bartzelonako klusterrak antolatutako kultur institutuen topaketan hartuko du parte, nazioarteko kultur lankidetzarekin eta hizkuntza-aniztasunarekin duen konpromisoa foro globaletan ere berretsiz.
Euskara. Kultura. Mundura.
Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak Bartzelonako EUNICek, Europako kultur institutuen klusterrak, Europako eta mundu mailako institutuen arteko kultur elkarrizketa eta nazioarteko lankidetza sustatzeko helburuz antolatutako jardunaldi batean parte hartuko du gaur, irailak 30.
UNESCOk sustatzen duen MONDIACULT 2025 gobernu-arteko konferentziaren testuinguruan burutuko da jardunaldia, zehazki, Ágora Cívica programaren baitan. Programa honek kulturak gizarte garaikideen eraikuntzan duen zeregina kolektiboki pentsatzeko, esperientziak eta hausnarketak partekatzeko, eta eztabaidatzeko gunea izan nahi du.
Ekitaldia Institut d´Estudis Catalans erakundearen egoitzan izango da, eta erakunde kultural, akademiko eta politikoetako ordezkariak bilduko dira kulturaren erronka berriei buruz hausnartu, eta hizkuntzek eta kulturen arteko ulermenak gaur egungo munduan duten eginkizunari buruz jarduteko.
Jardunaldiaren baitan bi mahai-inguru egingo dira. Lehenengoak, ‘Erronka berriak atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan AAren aroan’, adimen artifizialean oinarritutako teknologiek hizkuntzen ikaskuntzan eta maila etiko, kultural eta pedagogikoetan duten eragina izango du eztabaidagai. Pere Almeda Institut Ramon Llull-eko zuzendariak moderatuko du, eta Nicky Hockly The Consultants-E enpresako Pedagogia zuzendariak eta Ares Llop Naya hizkuntzalari eta Universitat Oberta de Catalunyako (UOC) irakasleek hitzaldi bana emango dute.
Eguerdian izango da bigarren mahaingurua ‘Kulturen arteko elkarrizketa eta kultur institutuen zeregina gatazkan dagoen munduan’. Saio honetan, kultur kohesiorako, garapen jasangarrirako eta bakea eraikitzeko tresna gisa kultura-institutuek duten eginkizuna aztertuko da, bereziki testuinguru konplexuetan edo gatazka soziopolitikoek markatutako testuinguruetan. Kirsten van den Hul EUNICeko presidenteak gidatuko du, eta Nikita Dhawan Dresdengo Unibertsitate Teknikoko Teoria Politiko eta Ideien Historiako katedradunaren eta Volodymyr Sheiko Ukrainiar Institutuko zuzendari nagusiaren hitzartzeak egongo dira.
Irene Larraza nazioarteko foro honetara bertaratzeak Etxepare Euskal Institutuak euskara eta kulturaren kanpo proiekzioarekin duen konpromisoa berresten du, baita nazioarteko kultur sareetan duen inplikazio aktiboa ere. Hain zuzen ere, hizkuntza gutxituek eta kultur identitate ez-hegemonikoek aniztasunari, jasangarritasunari eta lankidetzari buruzko gaur egungo mundu mailako eztabaidan duten eginkizuna azpimarratzeko baliatuko du Etxepare Euskal Institutuak topaketa hau.
EUNIC Barcelonak antolatutako jardunaldi hau, gainera, Hizkuntzen Europako Egunaren ospakizunen baitan kokatzen da, Europa osoan hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntzen ikaskuntza sustatzeko xedez Europako Kontseiluak ezarritako eguna.
Euskadi, MONDIACULT 2025en
Etxepare Euskal Institutua ez ezik, Eusko Jaurlaritza ere parte hartzen ari da irailaren 29tik urriaren 1era Bartzelonan gauzatzen ari den MONDIACULT 2025en, Kultur Politikei eta Garapen Jasangarriari buruzko UNESCOren Mundu-Konferentzian.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua da euskal ordezkaritzaren buru, eta ‘Why We Need a Culture Goal Now’ nazioarteko osoko bilkuran parte hartu zuen irailaren 27an. Bertan, 2030 osteko nazioarteko agendan kultura Garapen Jasangarriko Helburu gisa sartzea defendatu zuen, eta 18. Helburua izenekoa aurkeztu. Helburu hau Eusko Jaurlaritzak kultura- eta hizkuntza-aniztasunari eskainitako ekimen aitzindaria da, UN Etxearekin, gizarte-eragileekin eta hainbat erakunderekin elkarlanean ondua.
Bestalde, Andoni Iturbe Kultura sailburuordeak kultur eskubideen inguruko lege-esparruei buruzko bilkuran hartu zuen parte, irailaren 26an, Kanarietako, Kataluniako eta Nafarroako ordezkariekin batera.
Gainera, Euskadik ‘Culture in the Global Agenda: Localization, Diversity, Community’ izeneko ekitaldi paralelo ofiziala egingo du gaur, Eusko Jaurlaritzak eta UN Etxeak antolatuta. Topaketa honek 2030 Agendaren tokiko aplikazioari helduko dio kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren ikuspegitik, eta nazioarteko erreferentziazko ahotsak izango ditu, hala nola, Galesko, Hawaiiko eta Nazio Batuen 2030 Tokiko Koalizioko ordezkariak.
MONDIACULT 2025 programan parte hartuta, Euskadik bere kanpo-proiekzioa indartu nahi du, eta politika publikoetan kultura eta identitatea funtsezko elementutzat hartzen dituen bere giza garapen jasangarriko eredua partekatu. Etorkizuneko eztabaida globaletan funtsezko ardatz gisa aurkeztuko du kultura; betiere kohesio, ekitate eta jasangarritasunerako tresna gisa ulertuta.
MONDIACULT 2025: mundu osoko kulturarentzat hitzordu garrantzitsua
UNESCOk antolatuta, MONDIACULT 2025ek ehunetik gora kultura-arduradun, nazioarteko erakunde, eta kultura-arloko eragile bilduko ditu Bartzelonan, kulturaren agenda globala eguneratzeko. Topaketa honen bigarren edizioa da, 2022ko mugarriaren ondoren, non kultura "munduko ondasun publiko" gisa aitortu zen.
Konferentziak iraungo dituen hiru egunetan zehar, kultur sektorearen joerak, erronkak eta aukerak eztabaidatuko dira, eta Kultura Politikei buruzko Munduko Txostena aurkeztuko da lehen aldiz. Bertan, kulturak garapenaren dimentsio guztietan nola eragiten duen ebaluatuko da.