Deialdia zabalik: Etxepare — LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2026

2026/06/12

Sariak euskarazko literatura irakurle, hizkuntza, merkatu eta kultur testuinguru berrietara iris dadin itzultzaile eta argitaletxeen lana aitortu asmo du, euskarazko literaturaren nazioartekotzean egiten duten ekarpena balioan jarriz. Deialdi honen bitartez, jatorriz euskaraz idatzi eta 2025ean argitaratutako literatura obra baten itzulpena sarituko da, eta ekainaren 12tik hasita uztailaren 10era arte luzatuko da hautagaitzak aurkezteko epemuga.

Euskara. Kultura. Mundura.

Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak urtero antolatzen duten itzulpen sariaren 12. edizioa abian da jadanik. Sariak euskarazko literatura irakurle, hizkuntza, merkatu eta kultur testuinguru berrietara iris dadin itzultzaile eta argitaletxeen lana aitortu asmo du, euskarazko literaturaren nazioartekotzean egiten duten ekarpena balioan jarriz.

Deialdi honen bitartez, jatorriz euskaraz idatzi eta 2025ean argitaratutako literatura obra baten itzulpena sarituko da, eta ekainaren 12tik hasita uztailaren 10era arte luzatuko da hautagaitzak aurkezteko epemuga.

Aurtengo edizioak berrikuntza zenbait dakartza. Horien artean, nabarmenena sariaren zuzkidura emendatzea da. Izan ere, aurtengo 12. edizio honetan, 6.000 eurokoa izango da sariaren zenbatekoa (iaz 4.000 eurokoa izan zen), eta itzultzaileak eta argitaletxeak jasoko dute, erdibana.

Horrez gain, nazioarteko sustapen-jardueretako zuzkidura ere handitu da,  2.000 eurotik 3.000 eurora igarota; bai sari banaketa ekitaldira bertaratzeko gastuetara bai itzulpena plazaratu den herrialdean obraren zabalkundea sustatzera bideratuko da zenbateko hori.

Gisa berean, Etxepare Euskal Institutuaren AT! Itzulpena: literatura deialdiaren bitartez lagunduak izan diren literatur lanak automatikoki bilakatuko dira aurtengo sarirako hautagai, baldin deialdiaren oinarriak betetzen badituzte.

Iaz, Manel Rodríguez-Castellók katalanera itzulitako Tere Irastortzaren ‘Glosak/Glosar el mundo’ lanak jaso zuen saria. Valentziako Ediciones Contrabando argitaletxeak plazaratu zuen itzulpena, ‘Glosak·Glossar el Món’ izenburupean. Epaimahaiaren esanetan, hizkuntza aldetik akasgabea, irakurterraza eta jatorrizko testuaren estiloarekiko leiala izan zen Rodríguez-Castellóren itzulpen lan saritua.

Etxepare — LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek sarritan ezkutuan gelditu ohi den itzultzaileen lana nabarmendu eta lehen lerroan jartzea du xede.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu
?>