Beñat Sarasola: «MALBAko egonaldia oso testuinguru emankorra da sormena garatzeko»

2026/10/27

Beñat Sarasolak MALBAko literatura-egonaldian bizitako esperientziaz, bere sorkuntza-prozesuaz eta euskal literatura nazioartean zabaltzeko erronkez hitz egin du.

Euskara. Kultura. Mundura.

MALBAko egonaldia: sorkuntzarako denbora eta literatura-proiektuaren aurrerapena

MALBAko bost asteko egonaldia amaituta, zer-nolako esperientzia izan da? Zer nabarmenduko zenuke?

Esperientzia oso ederra izan da. Eta horrelakoetan gertatzen den bezala, azkenean motz egiten zaizu. Alde batetik, proiekturako oso ondo aprobetxatu dut egonaldia, baina, bestetik, Buenos Aires hain da hiri handia, hainbeste gauza daude egiteko, beti daukazula gauza gehiago ikusi edo egin zenezakeen sentsazioa.

Egia da proiektuari begira oso ondo aprobetxatu dudala. Azkenean, horrelako egonaldiak eguneroko bizitzan parentesi moduko bat dira. Normalean, nik hemen ez daukat aukerarik hainbeste denboraz eta hain modu intentsiboan idazteko. Zure esku dago denboraren kudeaketa, eta alde horretatik oso aprobetxagarria izan da.

Eta gero, aparte, Buenos Aires oso hiri literarioa da, kulturalki oso indartsua, eta alde horretatik ere asko eman dit egonaldiak.

Beraz, denbora eta espazioa ematen ditu halako egonaldi batek eta, gero, hiria bera ere hor dago, ezta?

Hori da, denbora eta espazioa. Eta gero, hiriaren konpainia horretan, museoa bera ere badago. MALBA museoa oso interesgarria da. Batez ere Latinoamerikako artean espezializatuta dago, baina literatura-programa oso indartsua ere badauka.

Aukera izan dut hango literatura-tailer eta hitzaldietan parte hartzeko, eta hori ere oso interesgarria da idazle batentzat. Gainera, museoa oso gertu neukan, ehun bat metrora, ni egon naizen apartamentutik. Beraz, oso eskura neukan literaturarekin lotutako jardueretan parte hartzeko aukera, eta horrek, nolabait, burua literarioki erne edukitzen laguntzen dizu.

Zein literatura-proiekturekin iritsi zinen Buenos Airesera, zein fasetan zegoen eta zer aurrerapen egin duzu bost aste hauetan?

Nahiko aurreratua nuen proiektua ordurako. Nahiko zehaztuta nuen, eta idazten hasita ere banengoen. Nobela labur bat da, eta, idazketa-faseari dagokionez, esango nuke laurden bat inguru idatzita nuela

Nire helburua lehenengo idazketa bukatzea zen, eta lortu dut. Alde horretatik pozik nago,izan ere inoiz ez baitakizu nola joango den. Nahiz eta proiektua aurreratua eduki, beti daude zalantzak. Baina, behintzat, lehenengo idazketa bukatuta daukat.

Beste idazle-egoitzaren batean ere egon naiz, eta proiektuaren zein fasetan zauden, oso desberdina da esperientzia. Batzuetan, jendea ideia batekin joaten da horrelako egonaldietara, oraindik idazten hasi gabe. Nire kasuan, nahiko aurreratua nuen  eta horrek aukera eman dit lanean bete-betean sartzeko.

Oso une onean iritsi zitzaidan egonaldia, eta lehenengo idazketa bukatzeko aukera eman dit. Orain bigarren idazketa, berrikuspenak eta abar etorriko dira, baina behintzat proiektua hor dago. Badaukazu lan bat eginda dagoelako sentsazioa.

Itzulpengintza, irakurle berriak eta euskal literaturaren nazioartekotzearen erronkak

Zure azken eleberria, “Coca-cola bat zurekin”, gaztelaniara eta alemanera itzuli da; aldi berean, zuk zeuk Philip Rothen “Nemesis” euskaratu zenuen, eta itzulpengintzarekin lotutako beste zenbait proiektutan aritu izan zara. Idazle eta itzultzailearen bi alde horietatik begiratuta, zer gertatzen da obra bat hizkuntza batetik bestera igarotzen denean?

Nik esango nuke literaturan itzulpengintza ezinbestekoa dela. Ezin da literatura ulertu itzulpengintzarik gabe. Guk, irakurle moduan, askotan gehiago irakurtzen dugu itzulita jatorrizko hizkuntzan baino, gaztelaniaz, euskaraz edo beste hizkuntza batzuetan. Itzulpenik gabe ia ez genuke literaturarik izango, esango nuke. Testu klasikoetatik hasi eta gaur egun arte, itzulpengintza hor egon da, eta batzuetan ahaztu egiten zaigu.

Kanpora zoazenean ere horretaz konturatzen zara. Euskara bezalako hizkuntza gutxitu batean idazten duzunean, etengabe eman behar izaten dituzu azalpenak zure lanari buruz, eta hor ikusten duzu muga hori badagoela. Orduan, itzulpena oso garrantzitsua da beste irakurle batzuengana iristeko.

Han nengoela beti galdetzen zidaten ea euskaraz idazten nuena neuk itzultzen nuen gaztelaniara. Eta pixka bat harritu egiten ziren ezetz esaten nienean. Ikusten dute gaztelaniaz badakizula, eta orduan galdetzen dizute zergatik ez duzun zuk egiten gaztelaniaz.

Itzulpengintza literarioan, behintzat, hizkuntza horren erabateko ezagutza izan behar duzu, literarioki ere bai. Ez da bakarrik hizkuntza jakitea, baizik eta haren tradizioa, literatura eta filosofia literarioa ezagutzea. Eta hori, nire kasuan, ez dut beste hizkuntza batean landu euskaraz landu dudan bezala.

Horregatik, itzultzaile konplizeak aurkitzea niretzat oso-oso garrantzitsua da. Eta hor nik uste dut badugula erronka bat euskal literaturan: itzultzaile konplize horiek lortzea, gaztelaniarako, ingeleserako eta beste hizkuntza batzuetarako.

Nik beti aipatzen dut itzulpena ez dela obra bera, obra horren anaia edo arreba edo horrelako zerbait baizik. Horrela ulertu behar da. Batzuetan frustrazioa ere sortzen da, itzulpena irakurtzean esaten duzulako: «Hau ez da zehazki nik idatzi nuena». Baina hori ere onartu behar duzu, eta horregatik lanketa konplexua da.

Itzultzaile konplize horiek aurkitzea eta itzultzaileei beren lekua ematea ezinbestekoa dela uste dut. Eta hori lortzen duzunean, oso sentsazio ona da zure ahotsa beste baten bidez islatuta ikustea.

Zenionaren haritik, zure liburuak beste hizkuntza batzuetara itzultzean, irakurle-komunitate berrietara iristen dira. Zer zailtasun daude irakurle horiengana heltzeko, eta nolakoa izan da Argentinako irakurleekin izandako esperientzia?

Itzulpengintza dago, baina gero beste kontu oso garrantzitsu bat dago: banaketa. Askotan, liburu bat hizkuntza batera itzul daiteke, baina gero irakurlearengana iritsi behar du. Eta hori ez da beti erraza.

Euskal literatura gure literatur sistematik atera eta beste hizkuntza batzuetako irakurleengana eramatea zaila da. Nahiz eta zure liburuak itzulita egon, Latinoamerikara iristea, adibidez, ez da erraza. Nire aurreko liburua itzulita dago, baina hango irakurleen eskuetara heltzea beste kontu bat da.

Hori alde batetik. Baina, bestetik, nire liburuak nahiko kokatuta daude gure testuinguru kultural eta politikoan. Horregatik, itzultzen direnean, ez da hizkuntza bakarrik itzuli behar; nolabait, kultura hori ere itzuli behar da. Eta hor interesgarria da ikustea kanpoan zer iritzi dauden, zer ezagutza dagoen euskal komunitatearen inguruan, eta horrek nola aldatzen duen zuk idatzitakoarekiko ikuspegia.

Argentinan nire obra irakurri zuten pertsona batzuekin egoteko aukera izan nuen, eta oso sentsazio berezia da. Euskal komunitate oso indartsua dago han, euskaldunen ondorengo asko, bigarren edo hirugarren belaunaldikoak. Interes handia dute euskal kulturarekiko, baina haien ikuspegia oso desberdina da nirearekiko.

Badute halako lilura moduko bat euskal kontuekiko. Eta horrek sortzen duen distantzia ere interesgarria da: ikustea nola begiratzen dizuten kanpotik, eta zu nola kokatzen zaren begirada horren aurrean. Euskal Herrian ez duzun esperientzia da. Kanpoan beste ikuspegi bat jasotzen duzu.

Buenos Aires literatura-tradizio eta kultura-bizitza oso indartsuko hiria da. Zer sartu da zure lanean hiri horretatik: hizkuntza, irakurketak, elkarrizketak, espazioak, erritmoak...?

Kontzienteki, behintzat, ez dut sumatzen hiri horretako gauzek eragin zuzenik izan dutenik idazten ari naizen proiektuan. Badira idazle batzuk, adibidez, idatzi bitartean beste obrarik irakurtzen ez dutenak, interferentziarik ez izateko. Nik ez daukat horrelako arazorik.

Gero, Buenos Airesen, esaterako, Borges leku guztietan agertzen da. Borges irakurri dut, lehendik irakurrita neuzkan gauza batzuk berrirakurri ditut, baina ez dut sumatzen horrek eragin zuzenik izan duenik nire idazketan, behintzat epe laburrean.

Baina egia da, luzera begira, oso-oso emankorra dela irakurle zaren aldetik. Eta horrek ere, nolabait, idazketa-prozesuan eragina duela. Alde horretatik, oso emankorra izan da egonaldia. Ezagutzen nituen idazle batzuen lanetara itzultzeko aukera izan dut, baina baita idazle berriak deskubritzekoa ere: gazteak, klasikoagoak, idazkera mota oso desberdinekoak.

Eta gero, Buenos Airesek duen gauzetako bat liburu-dendak dira. Ezaguna da liburu-denda mordoa dagoela, eta horietan badago hemen neurri handi batean galtzen ari den figura bat: liburu-saltzailearen sentsibilitate literario hori.

Hara joaten zara, zerbaiti buruz galdetzen duzu, eta mila liburu ekartzen dizkizute, gauza bat bestearekin lotuz. Asko ezagutzen dute literatura eta literatura-tradizioa. Orduan, liburu-dendak ere komunitate literarioaren parte oso garrantzitsua dira.

Bestetik, han nengoela, FED, Feria de Editores azoka egin zen. Han ere pare bat jardueratan parte hartu nuen, eta oso interesgarria izan zen hango argitaletxe batzuk ezagutzea, agian hemendik hain ezagunak ez direnak, eta zer liburu argitaratzen dituzten ikustea.

Beraz, bai, oso-oso emankorra izan da.

 

Euskal literaturari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>