Euskal antzerkia euskaraz nazioartean: Miñan eta Erreka Mari
2025/06/03
Euskara. Kultura. Mundura.
2025eko ekainaren 6an euskarazko bi antzezlan eskainiko dira aldi berean Euskal Herritik kanpo, bi kontinente desberdinetan, eta biak euskaraz. Hego Amerikan eta Europan, euskarak oholtza hartuko du.
Kolonbian, Bogotako Teatro Mayor antzokian, Egoitz Sanchezen Doña Perfectita konpainiak ‘Erreka Mari’ obra eskainiko du; eta aldi berean, Korsikako Corti hirian, Artedrama konpainiak ‘Miñan’ antzezlana taularatuko du, Pascale Paoli unibertsitateko antzokian. Bi emanaldiek euskarazko antzerkiaren nazioarteko presentzia indartzen dute, biak euskara hutsean egingo baitira gaztelaniazko eta korsikerazko goitituluekin, hurrenez hurren.
Miñan
‘Miñan’ Ibrahima Balderen migrazioaren kronika da, Baldek Amets Arzallusi kontatu eta hark euskaraz idatzi zuena. Artedramak antzerkira eramandako istorioa Afrikatik Europarako bidaia, bidean bizitako arrisku, galera eta itxaropenen kontakizun sakona eskaintzen du.
Lanaren oihartzuna ezin alderatu daiteke: hainbat hizkuntzatara itzuli da (ingelesa, frantsesa, italiera, katalana…), 2020an Zilarrezko Euskadi Saria jaso zuen eta hainbat izen ezagunek goraipatu dute haren indarra era irakurlearekin konektatzeko gaitasuna, tartean Frantzisko I Aita Santu zenak berak.
Gaur egun, ‘Miñan’ euskarazko liburu irakurrienetako bat izateko bidean doa, eta jendeak berea egina du dagoeneko. Antzerki moldaketa Ander Lipus, Manex Fuch eta Philippe Doucourtek zuzendu dute, eta 2024ko urrian estreinatu zen Bilboko Arriaga Antzokian. Ordutik, aretoak etengabe betetzen ari dira, eta ikus-entzuleen harrera beroa jasotzen ari dira Ander Lipus, Sambou Diavy, Eihara Fernandez de Larrea eta Mikel Kaye aktoreek.
Erreka Mari
Bogotan taularatuko den ‘Erreka Mari’ antzezlana, 90. hamarkadako Euska girotutako ikuskizuna da. Egoitz Sanchezen bizitzan oinarrituta, memoria, haurtzaroa eta identitatearen eraikuntza lantzen ditu, estereotipo mediatikoak, bullying-a eta haurren hipersexualizazioa bezalako gaiak ikuspegi pertsonal batetik jorratuz.
Lan honek Julio Mario Santo Domingo Antzoki Nagusiaren urteko Aniztasunaren eta Harrotasunaren Hilabeteko programazioaren parte izango da, eta ekainaren 6an egingo den saioa Euskal Leihoa irekiko du Kolonbian. Antzezlana Javier Lararen zuzendaritzapean garatu da, Doña Perfectita konpainiaren eskutik.