Euskal ikasketen minorra eskainiko du Sorbonne Nouvelle unibertsitateak
2026/02/05
Otsailaren 7an antolatu du euskararen, katalanaren eta galizieraren eskaintza akademikoa aurkezteko ate irekien jardunaldia.
Euskara. Kultura. Mundura.
Ate irekien jardunaldia antolatu du Parisko Sorbonne Nouvelle unibertsitateak otsailaren 7an, ‘Iberiar penintsulako nazio-hizkuntzak eta -kulturak: euskara, katalana eta galegoa’ minorra aurkezteko.
Espezializazio-programa hau lehendabizikoz 2025-2026 ikasturtean jarri da abian, iberiar penintsulako eskualdeetako hizkuntzak eta kulturei buruzko ezagutza eskaintzeko helburuz, eta hurrengo ikasturtean ere, euskara, katalana, edota galegoa barne hartuko dituen ibilbidea proposatuko ditu goi mailako zentroak.
Minorra Parisko Sorbonne Nouvelle unibertsitatearen ikasketa iberiar eta latinoamerikarren sailak irakatsia da, eta hainbat akademia-ibilbidetan eskaintzen da, hala nola: ‘Langues, Littératures et Civilisations Étrangères et Régionales’ (‘Hizkuntzak, Literatura eta Zibilizazio Atzerritar eta Eskualdeetakoak’) ezagutza-eremuko Gaztelania eta Portugeseko graduetan, eta hizkuntza zientzien graduan.
Hala, minor programa gutxieneko derrigorrezko lau ikastarok, zeinak graduaren lehen bi urteetan emango diren, eta hizkuntza bakoitzari lotutako hautazko ikasketa-moduluek osatzen dute. Derrigorrezko ikastaroek iberiar penintsulako eskualde kulturen historia, literatura eta adierazpide artistikoak aletuko dituzte. Hautazkoek, bestalde, katalan eta galego hizkuntza eta kulturaren kasuen gisan, euskara eta euskal kultura espezializazio-ikastaroa eskainiko dute, hiru maila ezberdinetan banatuta. Hortaz, bigarren ikasturtetik aurrera, seihileko bakoitzean bi espezializazio-ikastaro aukeratu ahal izango dituzte ‘Iberiar penintsulako nazio-hizkuntzak eta -kulturak: euskara, katalana eta galegoa’ ibilbideko ikasleek.
Euskara eta euskal kultura aztergai izango dituen espezializazio-ikastaroa Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean antolatu du Sorbonne Nouvelle zentroak, haren dirulaguntza bidez. Katalan ikasketen programa Ramon Llul ikastaroarekin lankidetzan ondu du Sorbonne Nouvellek, eta galego ikasketen eskaintza, Galiziako Xuntarekin. Etxepare Euskal Institutuarekin garatutako lankidetzaren bitartez, urtero aukera berriak eskainiko zaizkie euskara eta euskal kultura irakasgaian izen emandako ikasleei.
Batetik, irakurletza-sareko ikasleei zuzenduriko euskara barnetegi trinkoa antolatzen du udaro Aurten Bai fundazioak Zornotzan, Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean. Uztailean eta abuztuan uztartzen den Zornotzako barnetegiko egonaldia, otordu gastuak eta ikastaroa bere gain hartzen ditu Etxepare Euskal Institutuak.
Bestetik, egonaldi horretako onuradun diren ikasleek “Aurten Euskara Bai!” idazlan-lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute, eta barnetegirako bidaia-gastuetara bideratutako saria eskuratzeko. Horrez gain, ikastaro trinkoaren online bertsioa eskuragai dute, parte-hartzaile gehiagorentzat irekita. Eguneroko hiru eskola-ordu biltzen ditu, eta ikasmaterial guztia Moodle plataforman jartzen da erabiltzaileen eskueran.
Azkenik, Etxepare Euskal Institutuak Sorbonne Nouvelle zentroarekin duen lankidetzari esker, urtero ikerketarako dirulaguntza bat bideratzen da ikasleek euskara eta euskal kulturari buruzko ikerlanean sakontzeko. Babes hau azken hiru urteetan irakurletza sareko euskara edota euskal kultura ikastaroren bat egin dutenei zuzendua da, eta doktorego-tesiak, Master Amaierako Lanak, Gradu Amaierako Lanak, edota nazioarteko kongresuetan komunikazioak jaso ditzake. Halaxe, bi laguntza mota eskaintzen dira. Lehenik, Euskal Herrian egonaldi laburra egiteko mugikortasun laguntza bat, garraio gastuak, ostatua eta dokumentazio-gastuak estaliko dituena. Eta, bigarrenik, jatorrizko unibertsitatetik bertatik ikerketa-proiektua egiteko laguntza, zeina elkarrizketetarako bidaia-gastuak eta liburutegi espezializatuetarako sarbide- eta material-gastuak ordaintzera bideratuta dagoen.
Horiez gain, euskal kulturaren ezagutzan sakontzeko interesa duten ikasleei dei egiten die Sorbonne Nouvelle unibertsitateak, Parisko Euskal Etxera bertara daitezen. Frantziako hiriburuan euskal kulturaren zabalkundean diharduen elkartea da Euskal Etxea, eta kultur, arte- eta aisialdi-jarduerak eskaini ohi ditu.
Euskara eta euskal kultura nazioartean proiektatzeko dihardu, azkenik, Etxepare Euskal Institutuak, eta eremu akademikoan euskal ikasketak ere bultzatzen ditu nazioarteko eragileekin lankidetzan. Parisen, hain zuzen, Sorbonne Nouvelle unibertsitatea ez ezik, Sorbonne unibertsitatea ere bada irakurletza-sareko kide, eta euskal ikasketak erregulartasunez eskaintzeaz gain, aurki Esther Ferrer Katedra jarriko da abian zentro horretan, Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurren-ekitaldian iragarri zen gisan.