Udako euskara barnetegia Buenos Airesen
2026/01/21
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak garai honetan ohi duen euskara barnetegia antolatu du San Nicolas de los Arroyos hirian (Buenos Aires, Argentina) Euskara Munduan programaren baitan. Urtarrilaren 17tik hasita 24ra arte luzatuko da, eta 16 ikaslek hartuko dute parte. Zortzi egunetan zehar ikasleek bizitza euskaraz egiteko esperientzia bizi ahal izango dute, eta aldi berean euskararen ezagutzan sakondu.
Bosgarren barnetegia du ikasle-talde honek. Izan ere, 2024ko urtarrilean jarri zen abian, hastapen mailan. Gaur egun, bi urte igarota, ikastaro honetan dagoeneko B1eko edukiak lantzen ari dira.
Martxotik aurrera, ikasle-talde honetako lagun batzuek irakasle jardungo dute dagokien Euskal Etxean. Hain zuzen ere, ikasle askorentzat bere lehen eskolak izango dira euskara irakasle gisa, eta A1.1eko talderen bat esleituko zaie. Hori hala izanik, irakaslegaiei zuzenduriko trebakuntza-saioa aurreikusi du udako barnetegiak: A1 mailan landu beharreko ikas-materiala, trebetasunen arteko oreka, eskuragai dagoen materiala eta haren aplikazioa, bai eta taldeen aniztasuna kudeatzeko moldeak ere izango dituzte aztergai trebakuntza ikastaro honetan.
Udako barnetegia Gabriela Mendiak (FEVA) eta Kinku Zinkunegik, Euskara Munduan programaren arduraduna, koordinatuko dute, eta bere baitan Argentinako eta AEBko bina irakaslek emango dituzte eskolak: Rocio Basterra eta Ignacio Alustiza, eta Mikaela Goikoetxea eta Madalen Bieter, hurrenez hurren.