Irakurletza, katedra eta ikerketa-programa bana, batera

2026/01/27

Argentinako UNSAM unibertsitatea da Etxepare Euskal Institutuaren sarea osatzen duten goi-mailako zentroetan lehena halako eskaintza akademikoa sustatzen.

Euskara. Kultura. Mundura.

Etxepare Euskal Institutuaren sare akademikoa hainbat herrialdetako beste horrenbeste unibertsitatek osatzen dute. Bertan, euskara eta euskal ikasketak sustatzen dira, Etxepare Euskal Institutuak, dagokion unibertsitatearekin elkarlanean,  formatu akademiko ezberdinen bitartez. Batetik, atzerriko unibertsitateetan euskal ikasketak irakurletza bidez eskaintzen dira. Bestetik, goi-mailako irakaskuntza eta ikerketa akademikoa sustatzen dira Katedren bitartez.  Eta, azkenik, euskal ikasketetan sakontzeko ikerketa-programak eskaintzen dira.

Bada egon, aipaturiko formatu akademiko horiek guztiak uztartuta, euskara eta euskal ikasketak eskaintzen dituen goi mailako zentrorik: Universidad Nacional de San Martín, UNSAM. Izan ere, Buenos Aires hiriko unibertsitate honek, batetik, 2024tik Amale Artetxe katedra bere baitan hartu zuen; bestetik, 2026tik aurrera, euskararen irakaskuntzari dagokion irakurletza programa beregain hartuko du; eta, horrez gain, 2026. urtean euskal ikasketen ikerketa-programa  abian jarriko du. Halaxe, Etxepare Euskal Institutuaren sortzetiko ibilbidean, bere sare akademikoa osatzen duten goi mailako zentroetan UNSAM unibertsitatea lehena izango da halako eskaintza akademikoa sustatzen. Alegia, lehenbiziko unibertsitatea izango da euskara irakurletza, euskal kulturako katedra eta euskal ikasketei buruzko ikerketa-programa bana aldi berean uztartzen.

Irakurletzaren kokapenari dagokionez, Universidad Nacional de La Plata unibertsitateak hartu du 2025. urtera arte euskara irakurleen eskaintza akademikoa, La Plata hirian. Alabaina, Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan, 2026. urtean Buenos Aires hiriko UNSAMen egoitzara igaroko da. Hein horretan, euskararen eta euskal kulturaren ezagutza eta irakaspena Argentinako hiriburura pasako da, haren eragin-eremua handiagoa bilakatuz.

Katedrari dagokionez, bestalde, Amale Artetxek Argentinako euskal diasporan eginiko ekarpenari lotuta, euskal ikasketak sustatzeko Amale Artetxe Katedra jarri zen abian 2019. urtean. Katedra honek, halere, ez du bere hastapenetik egoitza finko bat izan, baizik eta sortzez ibiltaria izan da 2023ra arte; CONICET Ikerketa Zientifiko eta Teknologikoen Argentinako Kontseiluak ezarritako zentro ezberdinetan uztartu da humanitateei dagokien eskaintza. 2024az geroztik, UNSAM unibertsitateak berak urtero artatzen du, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz, graduondo eta doktorego irakasgai bat eta hainbat hitzaldi ireki eskaintzen dituen irakasle gonbidatua.

2026. urteak dakarren berrikuntzetako bat, halaber, honakoa da: UNSAM unibertsitateak euskal ikasketen eremuan ikasle eta irakasleei zuzendutako ikerkuntza-lerroak zabaltzeko ikerketa-programa aitzindaria jarriko du martxan. Izan ere, euskal diasporaren presentzia esanguratsua den herrialdeetakoan, unibertsitate honek ikasketen esparruan lerro berriei bide eman asmo die, diziplina eta sail akademiko ezberdinak bat eginez, aliantza berriak ehunduz, eta euskara eta euskal kultura ikertzeko egonaldi akademikoetarako aukerak sortuz.

Horiek horrela, euskara eta euskal kulturaren nazioarteko onespena indartu eta beste hizkuntza eta komunitate batzuekin elkarguneak sortzeko ikasketak sustatzen jarraitzen du Etxepare Euskal Institutuak, nazioarteko unibertsitate eta goi mailako zentroekin elkarlanean.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>