FICVIÑA: ´Irati´ + ´Errementari´
Euskara. Kultura. Mundura.
-
25Aza 202526Aza 2025
Viña del Mar
Viña del Marreko Nazioarteko Zinema Jaialdiak (FICVIÑA), Txileko zaharrenak, euskal zinemari tartea eskainiko dio edizio honetan ere, Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Ordezkaritzaren laguntzarekin.
Paul Urkijo zuzendariaren ‘Irati’ eta ‘Errementari’ filmak proiektatuko dira azaroaren 25tik 26ra bitarte, hurrenez hurren, Viña del Marreko Udal Antzokian. Paul Urkijok zuzeneko hitzartzea egingo du bere bi pelikulak aurkezteko: ‘Irati’ (2022), euskarazko film ikusiena da, eta ‘Errementari’ (2017).
´Irati´
VIII. Mendea. Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibarjaunak laguntza eskatzen dio antzinako jainkosa bati. Odolezko itun baten bitartez, etsaia garaitzen du, trukean bizitza emanda, baina lehenago, Eneko semeari hitzemanarazten dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian. Urte batzuk beranduago, misio batekin egingo dio aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratu beharko du, modu paganoan lurperatuta dagoena Karlomagnoren altxorrarekin batera. Kristau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du, Irati deituriko emakume enigmatiko bat. Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira, bertan, diotenez: “izena duen guztia, bada”.
´Errementari´
1977ko uda. Beak 16 urte ditu eta herrialde osoko aldaketa-giroarekin bat egin du; emakume talde batekin lankidetzan aritzen da kausa feminista ikusarazteko eta emakumeei duintasunezko kondizioetan abortatzen laguntzeko. Odolean sentitzen duen errebeldia ustekabeko sentimendu batekin nahastu eta bizitza hankaz gora jarriko zaio: bera baino zahartxeagoa den familia oneko neska batez maiteminduko da. Ez du susmatzen neska enigmatiko horrek −Mirenek− sekretu bat duela gordeta, eta sekretu horrek bultzatuta, helduen mundu mingarrian sartu beharko duela Beak.