FIC VIÑA: Karmele
Euskara. Kultura. Mundura.
-
28Aza 2026
Viña del Mar
Asier Altunaren Karmele filmak Txileko estreinaldia izango du Viña del Marreko Nazioarteko Zinema Jaialdian (FICVIÑA). Azaroaren 28an egingo den emanaldi berezian zuzendariak berak parte hartuko du, Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin.
Karmele: erbestea, memoria eta erresistentzia
1937an kokatzen da filmaren abiapuntua, Espainiako Gerra Zibilaren garaian. Karmelek eta bere familiak Frantziara ihes egin behar dute. Han, erbestean euskal kultura musikaren eta dantzaren bidez bizirik mantentzen duen talde batekin harremanetan jarriko da, eta Txomin tronpeta-jotzailea ezagutuko du. Maitasuna, erbestea eta identitatearen aldeko borroka uztartzen ditu filmak, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarrituta.
FICVIÑA 2026
FICVIÑAren 38. edizioa azaroaren 23tik 28ra egingo da, Viña del Marren. Euskal zinemari eskainitako emanaldi berezi honek Asier Altunarekin topatzeko aukera emango dio publikoari. Karmele azaroaren 28an, 14:30ean, Teatro Municipal antzokian proiektatuko da. Sarrera doakoa da.