FIL Guadalajara: Jon Arretxe
Euskara. Kultura. Mundura.
-
29Aza 202507Abe 2025
Guadalajara
Jon Arretxe idazleak Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL) hartuko du parte egunotan; liburugintzaren alorreko ekitaldi garrantzitsuenetakoa eta iberoamerikar letren hitzordu nagusia. Urtero ehunka idazle eta milaka profesional biltzen dituen azoka hau azaroaren 30etaik abenduaren 7ra egingo da Mexikoko hiri horretan. Aurtengo edizioan, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz, Jon Arretxek bere lana aurkeztu, eta programa ofizialeko hainbat jardueratan hartuko du parte.
Abenduak 1
19:00 | Liburu aurkezpenak: Touré saga
Jon Arretxe
Salón E, Área Internacional, Expo Guadalajara
Abenduak 2
11:00 | Ecos de la FIL
Jon Arretxe
Preparatoria Regional de Ixtlahuacán de los Membrillos
Abenduak 3
La ruta de una crónica de viaje
Joseph Zárate, Ignacio Piedrahíta, Jon Arretxe
Salón G, Área Internacional, Expo Guadalajara
Abenduaren 1ean, astelehena, egileak Touré detektibea protagonista duen saga ezaguna aurkeztuko du; hamaika liburuk osatzen dute saila, eta arrakasta handia izan dute bai kritikaren bai irakurleen artean. Mahamoud Touré afrikar etorkin paperik gabea Bilboko San Frantzisko auzoan bizi da, eta aurrera egiteko iragarle, abeslari edota detektibe lanak burutzen ditu. Begirada kritikoarekin, umorearekin eta gizatasun handiz, pertsonaiak bazterkeria, arrazakeria, indarkeria, prekarietatea edo polizia-ustelkeriak zeharkatutako istorioei egiten die aurre.
Abenduaren 2an, Arretxek ikasleei zuzendutako topaketa batean parte hartuko du, ‘FIL Joven: Ecos de la FIL’ programaren baitan.
Abenduaren 3an, berriz, ‘La ruta de una crónica de viaje’ mahai-inguruan izango da, Joseph Zárate (Peru) eta Ignacio Piedrahita (Kolonbia) idazleekin batera. Mintzaldi horretan, egileek hausnartuko dute bidai-literaturak nola ahalbidetzen duen urruneko lurraldeak eta bidean bizi izandako esperientziak kontatzea, eta nola eraldatzen duen idazlearen eta irakurlearen begirada. Halaber, beste tokiei buruz idazteak dakartzan erronka etikoak, narratiboak eta pertsonalak jorratuko dituzte.
Jon Arretxe
1963an Basaurin (Bizkaia) jaioa, eta 2004az geroztik Arbizuko (Nafarroa) bizilaguna, Jon Arretxek bidai-literaturarekin hasi zuen bere ibilbidea, ‘7 kolore’, ‘Tubabu’ edo ‘Oroituz’ bezalako lanekin. Azken urteetan, euskal nobela beltzaren izen propio bihurtu da, ‘Xahmaran’, ‘Tangerreko ametsak’ edo ‘Arrutiren banda’ bezalako eleberriekin, eta bereziki Touré detektibearen sagarekin. Bere ibilbidean haur eta gazte literatura ere jorratu du, ‘Harresi handirantz’ edo ‘Lurraren taupadak’ liburuak kasu.
Euskal liburugintza-sektorea FILen
Jon Arretxeren parte-hartzea, euskal literaturaren proiekzioa eremu iberoamerikarrean sustatzeko, Etxepare Euskal Institutuak 2011tik FILen egiten duen lanaren testuinguruan kokatzen da. Azokan, gainera, euskal liburugintza sektoreak stand propioa izango du Basque. Books. izenpean. Etxepare Euskal Institutuak, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailarekin eta liburugintzaren sektorearekin lankidetzan sustatutako egitasmoa da Basque. Books., nazioarteko azoka, jaialdi eta topagune profesionaletan euskal liburugintza sektorearen presentzia indartzea eta euskal literaturaren zirkulazioa, itzulpena, ikusgarritasuna eta proiekzioa sendotzea helburu dituena.
Bestetik, Euskal Irudigileak elkartea ere azokan izango da Instituturen babesarekin, bere nazioarteko agenda garatzeko eta sektorearen kanpo posizionamendua indartzeko.
FIL Guadalajara
FIL Guadalajarak 39. edizioa du aurtengoa, Bartzelona Ohorezko Gonbidatu duelarik. Iberoamerika osoko erreferente nagusietako bat da, eta bertan parte hartuko dute 34 herrialdetako 800 idazle baino gehiagok, 2.800dik gora argitaletxek eta 900.000 inguru bisitarik. 3.000 jarduera baino gehiago dituen egitarau zabalarekin, FIL ezinbesteko topagunea da liburugintzaren sektorean. Literaturaz gain, pentsamenduari, arteari, zientziari, kulturari eta egungo eztabaida intelektualei eskainitako tarteak ere baditu.