Fira Mediterrània 2026ko edizioan parte hartzeko deialdia, zabalik
2026/01/12
Euskara. Kultura. Mundura.
2026ko urriaren 15etik 18ra egingo dute Manresako Fira Mediterràniaren 29. edizioa. Azokan parte hartzeko proposamenak aurkezteko deialdia abian da eta urtarrilaren 22an itxiko da.
Sustrai tradizionaletik abiatzen diren musika, arte eszeniko edo kaleko proposamenak baloratuko dira ikuskizunen sektorean erreferente bilakatu den merkatu estrategiko honetan. Etxepare Euskal Institutuak Fira Mediterràniarekin duen akordioari esker urtero euskal herriko arte eszenikoen proposamenak aukeratzen dituzte azokan parte hartzeko.
Musikari dagokionez BASQUE. MUSIC. egitasmoaren babesean proposamen bat aukeratuko da 2026ko edizioan parte hartzeko. Aukeraketa Fira Mediterràniak egingo du deialdi ofizialean aurkeztu diren proposamenen artean.
Fira Mediterrània jaialdiaren programazioan parte hartu nahi duten euskal musika talde zein arte eszenikoetako konpainiek urtarrilaren 22ra arte dute proposamenak bidaltzeko epea, jaialdiaren webgunearen bitartez.