Hamazazpi euskal konpainia Le temps d´Aimer la danse jaialdian
2026/09/10
Euskara. Kultura. Mundura.
Irailaren 10etik 21era egingo den Le Temps d’Aimer la danse jaialdiak Euskal Herriko bi aldeetara zabalduko du bere programazioa. Biarritz izango da jaialdiaren erdigunea, baina emanaldiak Ipar Euskal Herriko kostalde eta barnealdeko hainbat herritan izango dira, baita Errenteriako Lekuona Fabrikan eta Donostiako Tabakaleran ere.
Ça colle au basque egitasmoaren baitan, Etxepare Euskal Institutuaren eta Malandain Ballet Biarritzen arteko lankidetzari esker, hamazazpi euskal konpainiak hartuko dute parte jaialdian. Besteak beste, Mizel Théret, Collectif Ibawa, Oihan Indart, Lucia Lacarra Ballet, Led Silhouette, Bilaka, Elirale, Lasala, Haatik & Jone San Martin, Idoia Rodriguez eta Altraste Danzaren lanak izango dira ikusgai.
Horrez gain, irailaren 12an Basque Dance showcase profesionala egingo da Tabakaleran, Etxepare Euskal Institutuak, Malandain Ballet Biarritzek eta ADDEk (Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea) antolatuta. Frankofoniako programatzaileei zuzendutako topaketak euskal konpainien eta nazioarteko eragileen arteko harremanak sustatzea izango du helburu.