Hizkuntzen Europako Eguna

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-09-24

Irailaren 26an Hizkuntzen Europako Eguna ospatzen da, Europan dagoen hizkuntza- eta kultura-aniztasuna bere nortasunaren funtsezko elementu gisa balioesteko eta sustatzeko helburuarekin. Etxepare Euskal Institutuak bat egiten du asmo horrekin, eta euskara eta euskal kultura kontinente zaharreko beste hizkuntza batzuekin batera ikusarazteko hainbat jarduera sustatzen ditu.

Irailaren 25ean, Hizkuntzen Europako Egunaren bezperan, Lisboako Instituto Cervantes-en egoitzan errezitaldi poetiko eleaniztuna egingo da Iberiar Penintsulako hizkuntzak ordezkatzen dituzten idazleen eskutik. Ekitaldia Instituto Cervantes-ek antolatu du, Portugalgo Instituto Camões, Consello da Cultura Gallega, Institut Ramon Llull eta Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean. Irene Larraza, Etxepareko zuzendaria, Lisboan izango da, Miren Agur Meaberekin batera. Espainiako Poesia Saria eta hiru bider Euskadi Saria eskuratu dituen euskal idazleaz gain, beste lau egilek hartuko dute parte ekitaldian: Miriam Reyes Carcamo, gaztelaniaz; Golgona Anghel, portugesez; Oriana Méndez galegoz; Miriam Cano Manzano katalanez, eta  Esther Prieto Alonso, asturieraz.

Bestalde, irailaren 26tik 28ra bitartean, poesiak Bruselako espazio publikoa eta garraio-sarea hartuko ditu. Hogei bat egileren poema originalak irakurri ahal izango dira, bakoitza bere jatorrizko hizkuntzan, eta frantsesera eta nederlanderara itzulita. Olerki horien artean euskarazko bat egongo da, Harkaitz Cano idazle ezagunak idatzia. Cano da, hain zuzen, Transpoesie-ra gonbidatutako idazleetako bat.

Transpoesie 2011tik EUNICek (European Union National Institutes for Culture), harreman kulturaletan diharduten erakundeen sare europarrak, antolatzen duen jaialdia da. Etxepare Euskal Institutua EUNICen Brusela eta New Yorkeko klusterretako kide-elkartua da.

Hizkuntzen Europako Egunarekin bat eginez, jaialdiak hainbat ekitaldi antolatzen ditu Belgikako hiriburuko metropoli eremu osoan zehar, hala nola irakurketak, mahai-inguruak, eztabaidak eta idazketa saio publikoak. Harkaitz Cano izango da inaugurazio-ekitaldira gonbidatutako egileetako bat, Jardin des Citoyensen, eta Luxenburgoko enbaxadan egingo den "Surrealism de Lux" ekitaldian ere hartuko du parte. Europako hizkuntza-aniztasuna azpimarratu nahi duen jaialdi honek mugimendu surrealistari keinua egingo dio 14. edizio honetan, hain zuzen ere André Breton artistak argitaratutako manifestu ospetsuak 100 urte bete dituenean.

Azkenik, euskarak eta euskal kulturak lekua izango dute New Yorken, irailaren 28an Queenseko gaueko azoka ezagunean egingo den ekitaldi berezian. EUNIC New York-eko kide diren erakundeek hainbat jarduera ludiko eta kultural antolatu dituzte Europako ondare linguistiko aberatsa erakusteko eta Hizkuntzen Europako Eguna ospatzeko: dastatze gastronomikoak, kontzertuak, dantza, hizkuntza klaseak, etab. Programazio horren barruan, Etxepare Euskal Institutuaren eta Estatu Batuetako Euskadiko Ordezkaritzaren arteko lankidetzari esker, Beñat Urrutia dantzari eta ikertzaileak euskal dantza emanaldia eskainiko du, eta bertaratzen direnek euskara ikasteko hastapen klaseak hartzeko aukera izango dute.

Euskarari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu