III. Euskal Mundu Biltzarrak komunikazio eta posterren deialdia martxan jarri du
2026/06/25
Komunikazio edo posterren proposamenen laburpenak 2026ko irailaren 14a baino lehen bidali beharko dira.
Euskara. Kultura. Mundura.
2027ko urriaren 20tik 22ra Bilbon ospatuko da III. Euskal Mundu Biltzarra, ‘From Basque to the World’ lemapean eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Kongresuan parte hartzeko komunikazioen eta posterren laburpenak aurkezteko epea ireki dute dagoeneko. Hala, euskararekin, hizkuntza gutxituekin eta hizkuntza-aniztasunarekin lotutako ikerketak, esperientziak eta ekimenak aurkeztu ahal izango dituzte ikertzaile, profesional, erakunde-arduradun, gizarte-eragile eta hizkuntza-komunitateetako ordezkari interesdunek, 2026ko irailaren 14ra arte.
Komunikazio eta posterren deialdi honetarako, bereziki ongi etorriak izango dira ikerketa akademikoa eta gizarte-praktikak uztartzen dituzten ekarpenak, baita esperientzia berritzaileak eta lankidetza-ekimenak ere. Gainera, euskararekin eta munduko gainerako hizkuntza gutxituekin lotutako ikerketak, hizkuntza-politikak, praktikak eta esperientziak partekatu eta eztabaidatzeko gune bat eskaini asmo ditu biltzarrak.
Honako gai hauek jorratu ahal izango dituzte komunikazio- eta poster-deialdian aurkeztutako proposamenek:
- Hizkuntza gutxituei buruzko ikerketa.
- Hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintza.
- Hizkuntzen ekologia, hizkuntza-aniztasuna eta politika publikoak.
- Hezkuntza, hizkuntzaren irakaskuntza eta belaunaldien arteko transmisioa.
- Hizkuntzen sustapenerako komunitate-ekimenak eta jardunbide egokiak.
- Hizkuntzaren erabilera gizartean eta testuinguru eleaniztunetan.
- Kultura, komunikabideak eta sormen-adierazpideak.
- Teknologia digitalak eta lineako espazioak hizkuntza gutxituentzat.
- Etorkizuneko ahotsak: digitalizazioa eta berrikuntza hizkuntza gutxituen biziberritzean.
- Hizkuntza-aktibismoa, identitatea eta hizkuntza-eskubideak.
- Hizkuntza gutxituen modernizazioa.
Laburpenen bidalketa
Komunikazio edo posterren proposamenen laburpenak 2026ko irailaren 14a baino lehen bidali beharko dira helbide honetara: frombasquetotheworld@euskadi.eus
Aurkezpen arauak
- Laburpenek gehienez 300 hitz izango dituzte.
- Ebaluazioa itsu bidez egingo da.
- Izenburua eta laburpenaren testua eranskin batean bidali beharko dira, egileen identifikaziorik gabe.
Ahozko komunikazioek 15 eta 20 minutu arteko iraupena izango dute, eta saio paraleloetan aurkeztuko dira. Biltzarrak 60 minutuko poster-saioak ere izango ditu. Saio horietan, egileek bertan egon beharko dute beren lanak aurkezteko eta parte-hartzaileekin partekatzeko.
Mezu elektronikoan adierazi beharreko datuak
Mezuaren gorputzean honako informazio hau jaso beharko da: egilearen izen-abizenak; erakundea edo afiliazioa; proposamena komunikazio gisa ala poster gisa aurkeztu nahi den.
Informazio gehiagorako, III. Euskal Mundu Biltzarraren atarira sartu.