Unibertsitate-irakurletzetako 27 ikaslek euskara ikasiko dute Zornotzan

2025/07/15

Euskara. Kultura. Mundura.

Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate programaren baitan, euskara eta euskal kultura irakurletzetako 27 ikaslek aurrez aurreko ikastaro trinkoa egingo du Zornotzako Aurten Bai barnetegian. Etxepare Euskal Institutuak 2012tik eskaintzen ditu euskara ikasteko egonaldiak egiteko bekak.

Barnetegiko egonaldiak bi txandatan burutuko dira. Lehena uztailaren 14tik 25era izango da, eta zazpi ikaslek hartuko dute parte. Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak harrera egin die irekiera-jardunaldian, uztailak 14. Hiru ikasle Poloniatik etorri dira; eta Frantzia, Erresuma Batua, Uruguai eta Bartzelonatik ikasle bana. Euren euskara mailaren arabera kokatu dituzte ikasgeletan, barnetegian dauden beste ikasle batzuekin batera, A1 eta B2 maila artean. Egonaldiaren helburua euskalduntzearen maila bat aurreratzea da.

Bigarren txanda abuztuaren 4tik 15era luzatuko da eta nazioarteko 20 ikasle hartuko ditu: Poloniatik sei ikasle; Universitat de Barcelonatik lau; Uruguaitik hiru; Italia, Erresuma Batua eta AEBtik bina ikasle; eta Frantziatik ikasle bakarra.

Euskara ikasteko bekak

Atzerrian euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza, ikusgarritasuna eta hedapena helburu, Etxepare Euskal Institutua eta Aurten Bai Fundazioaren arteko hitzarmenari esker, Institutuaren nazioarteko unibertsitate sareko ikasleek Zornotzako Aurten Bai barnetegian euskara ikasteko egonaldia egiteko aukera dute. Etxepare Euskal Institutuak eta Aurten Bai Fundazioak erdibana bere gain hartzen dute ikastaroaren, ostatuaren eta otorduen kostua, eta ikasle hautatuek asegurua eta bidaia ordaintzen dute.

Etxepare Euskal Institutuak bultzatuta, munduko 35 unibertsitatetan ematen dira euskara eta euskal kulturako klaseak eta 2024. urtean 1.300 ikasletik gora zeuden matrikulatuta euskal ikasketekin loturiko eskoletan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>