Euskal zinema, Goya sarietan nagusi

2026/03/02

Euskara. Kultura. Mundura.

Euskal zinemak zortzi garaikur nagusi bereganatu ditu otsailaren 28an ospatu den Goya Sarien galan. Espainiako Zinema Akademiak esleitzen dituen sarien 40. edizioan, gainera, Euskal Herriko ekoizpenek izendapen ugari izan dituzte.  

Los Domingos’ izan zen gaueko protagonista, sari preziatuenetako bost lortu baitzituen:

  • Film Onenaren saria – Nahikari Ipiña, Manu Calvo, Marisa Fernández Armenteros eta Sandra Hermida Muñiz
  • Zuzendaritza Onenaren saria – Alauda Ruiz de Azúa
  • Gidoi Original Onenaren saria – Alauda Ruiz de Azúa
  • Emakumezko Aktore Protagonista Onenaren saria – Patricia López Arnaiz
  • Emakumezko Bigarren Mailako Aktore Onenaren saria – Nagore Aranburu

Aitorpen horiek Alauda Ruiz de Azuaren ibilbidea sendotu dute, eta ‘Los Domingos’ urteko lan azpimarragarrienetako bat dela berretsi. Filmaren ekoizpenean Sayaka Producciones euskal enpresak parte hartu du, ondorengoekin batera: Buena Pinta Media S.L.U., Colosé Producciones S.L., Encanta Films S.L., Think Studio S.L., Los Desencuentros Película A.I.E. eta Telefónica Audiovisual Digital S.L.U.

Jose Ramon Soroiz aktoreak, halaber, Gizonezko Aktore Protagonista Onenaren Goya saria eskuratu zuen, ‘Maspalomas’ filmeko paperagatik. Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako eta Irusoin, Moriarti, Maspalomas Pelikula A.I.E. eta Bowfinger etxeek ekoitzitako pelikulan egindako antzezpenagatik hainbat sari jaso ditu aktoreak, eta garaikur nabarmena gehitu berri dio euskal ikus-entzunezkoen sektoreari.

Animazio mailan ere aitortza esanguratsua izan zuen euskal zinemak, ‘Decorado’ filmak eskuratutako Animaziozko Film Onenaren Goya sariari esker. Alberto Vázquezek aintzatespen ugari lortu ditu jada UniKo euskal ekoiztetxearekin eta Abano Producións, The Glow Animation Studio, Sardinha Em Lata eta María y Arnold A.I.E. enpresekin lankidetzan.

Era berean, ‘Los Tigres’ filmak Efektu Berezi Onenen saria jaso zuen. Kowalski Filmsen parte-hartzea du, Mazagon Films AIE, Feelgood Media SL, Movistar Plus+ eta Le Pacte ekoiztetxeekin batera.

Nabarmentzekoa da Goya Sarien edizio honetan euskal zinemak lortutako ikusgarritasuna: film eta profesional ugariren hautagaitzek sektorearen indarra erakutsi dute, ekoizpenean, zuzendaritzan, antzezpen-lanetan, animazioan, eta baita maila teknikoan ere.

Euskal zinemari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>