Mende laurden bete du Nantesko FCEN zinemaldiaren euskal leihoak

2026/03/20

25. urteurrena ospatzeko, ekitaldi berezia antolatu dute martxoaren 25ean, ‘Elai Alai’ eta ‘Karmele’ filmen emanaldiekin. Guztira, 20 euskal ekoizpen ikusi ahal izango dira martxoaren 21etik 29ra Nantesen. 

Euskara. Kultura. Mundura.

Nantesko Festival du Cinéma Espagnol (FCEN) jaialdiaren baitan egiten den Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloak 25 edizio beteko ditu aurten. ‘Ça colle au basque’ egitasmopean Etxepare Euskal Institutuak Euskadiko Filmategiaren elkarlanean sustatzen duen sail hau Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio sendoenetakoa da, eta urtero euskal ekoizpen nabarmenen eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du.

‘Elai Alai’ eta ‘Karmele’, Nantesko operan ikusgai

Fenêtre Basque euskal leihoak 25 urte bete dituen edizio honen baitan, guztira, 20 euskal ekoizpen izango dira Nantesen martxoaren 21etik 29ra egingo den zinema-jaialdian, eta euskal zikloaren efemeridea goratzeko, hiriko Graslin operako antzokian euskal zinema-sorkuntzari eskainiko ekitaldi berezia antolatuko dute martxoaren 25ean, 19:00etan. Lehenik, Euskadiko Filmategiak Frantziako Zinematekatik berreskuratutako Nemesio Manuel Sobrevilaren ‘Elai Alai’ (1938) film dokumentala eskainiko da, Joserra Senperenak lagunduriko zuzeneko piano-emanaldiarekin. Gerraren ondorioz erbesteratutako Gernikako Elai-Alai haur dantza taldeko irudiak eskaintzen ditu zintak, baita Eresoinka abesbatzako kideenak ere.

Filmaren soinurik gabeko pasarte zenbait Joserra Senperenak musikatuko ditu zuzenean, berariaz ondutako konposizioa interpretatuta. Izan ere, Euskadiko Filmategiak 2012an ‘Elai Alai’-ren hainbat atal sonorizatu egin zituen, ordura arte Frantziako Zinematekaren negatiboak ez baitzuen soinurik batere. 

Ondoren, ‘Karmele’ filma aurkeztuko da, Asier Altuna zuzendariaren eskutik. 2025. urtean  estreinatutako zintak Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren bizitzako pasarte batzuk pantailaratzen ditu, horiexek ere gerra-testuinguru bertsuan bizitakoak. ‘Karmele’-k Kirmen Uribe idazlearen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ eleberria du ardatz.

Euskal leihoak 25 urte

25. euskal leihoaren programazioan, gainera, beste zazpi film luze eta Kimuak 2025 programako zazpi film labur proiektatuko dira, baita ‘Yakarta’ minisaila ere. Euskal zinemari propio eskainitako zikloa osatzen duten euskal produkzioez gain, euskal zinemak FCEN-ren 34. edizioko beste sail batzuk zipriztinduko ditu.

Fenêtre Basque atalean, honako zazpi luzemetrai hauek ikusi ahal izango dira: Alberto Gastesi zuzendariaren ‘Singular’, zeina etorkizun hurbil batean girotutako zientzia-fikziozko drama den. Nantesko jaialdian izango da Alberto Gastesi zuzendaria.  Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren ‘La trinchera infinita’-k Gerra Zibilaren ondorengo diktaduraren itzalak zeharkatutako gizon baten istorioa kontatzen du. Azken hilabeteotan pelikula onenaren Goya saria irabazi duen ‘Los domingos’, Alauda Ruiz de Azua zuzendariarena, fedea, askatasun pertsonala, familia-itxaropenak eta bizitza-hautuen inguruko tentsioak abiapuntu dituena. Euskal filmografian aztarna utzi duten zenbait titulu ere proiektatuko dira, hala nola ‘Ehun metro’, Alfonso Ungriarena, ‘Hamaseigarrenean aidanez’, Anjel Lertxundirena, ‘Zergatik panpox’ Arantxa Urretabizkaiak idatzi eleberriaren egokitzapena dena, eta, azkenik, euskal gizartearen memoria eta nortasun kolektiboa uztartzen duen ‘Oraingoz izen gabe’, Jose Julian Bakedanorena.

Euskal film laburrek ere, bestalde, izango dute tokirik aurtengo Nantesko jaialdiko euskal leihoan. Izan ere, euskal zinema-sorkuntzaren parte den Kimuak programaren 2025. urteko film laburrak proiektatuko dira FCENen: Aitor Abioren ‘Dicen que tu padre’, Lara Izagirreren ‘El regalo’, Ekaitz Bertizen ‘Erreka zoko hortan’, Ainhoa Ordoñezen ‘Habana industrial’, Ricardo Del Conderen ‘Las manchas del jaguar’, Harrotu Ileak kolektiboa eta Zine-Laben ‘Sueños de viernes’, eta Maren Zubeldia eta Silvina Gugliemottiren ‘Ultramarino’.

Azkenik, Diego San Jose euskal zinemagileak zuzendutako ‘Yakarta’ minisaila ere eskainiko da Nanteseko zinemaldian, egilea bertan izango delarik.

Lehian dihardutenak

Euskal leihoaz gaindi, Nanteseko zinemaldiak beste sail batzuetan ere kokatu ditu euskal ekoizpen zenbait. Sail ofizialean, esaterako,  ‘Maspalomas’ (Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi) eta ‘El mal’ (Juanma Bajo Ulloa) filmak lehiatuko dira. ‘Maspalomas’ filmak, hain zuzen ere, Goya sarietan bederatzi izendapen lortu zituen, eta film horretan egindako lanagatik aitortza jaso zuen Jose Ramon Soroizek, aktore protagonista onenaren kategorian. Nanteseko jaialdira Aitor Arregi zuzendaria bertaratuko da, hura ere zuzendari onenaren Goya sarirako izendatuetako bat, besteak beste. ‘El mal’ pelikulan, bestalde, Juanma Bajo Ulloak drama eta thriller kutsuko istorioa ondu du, errua, indarkeria eta barne-gatazka abiapuntu hartuta. Zuzendaria ere Nantesen izango da.

Lehen film onenaren saria eskuratzeko norgehiagokan, gainera, beste euskal ekoizpen bat aurki daiteke: ‘Todo lo que no sé’ (Ana Lambarri). Lehen film luzea du Lambarri zinegileak eta bere istorioak gazte baten helduarorako trantsizioa du ardatz. Pelikularen aurkezpen emanaldian izango da, halaber, Ana Lambarri.

Jaialdiari buruz

1990ean sortu zen Festival du Cinéma Espagnol de Nantes (FCEN) jaialdiaren helburua da Espainiako Estatuan egindako zinea Frantzian zabaltzea eta horretarako emanaldi zinematografikoez gain ekitaldi ezberdinak antolatzen dituzte jaialdiak irauten duen bitartean: mahai-inguruak, arte erakusketak, kontzertuak, etab. Urtero 27.000 ikusletik gora biltzen ditu jaialdiak, baita kritikari eta industriako profesionalak ere. 

Nantes da euskal zinema gehien aintzat hartu eta erakutsi duen Europako hirietako bat. Urteotan, euskal zinemako izen handiak pasa dira bertatik beren lanak aurkeztu eta publikoarekin solasean aritzeko.

Euskal zinemari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>