Koldo Mitxelena Katedra: Eider Rodriguez

Euskara. Kultura. Mundura.

  • 14
    Urr 2026
    08
    Abe 2026
    University of Chicago

Eider Rodriguez idazle eta irakasleak gonbidatu gisa parte hartuko du Etxepare Euskal Institutuak Chicagoko Unibertsitatean sustatzen duen Koldo Mitxelena Katedran. Urriaren 14tik abenduaren 8ra Indarkeriaren historia bat: euskal kulturan zehar ibilaldi bat programa garatuko du; literatura, zinema eta euskal kulturatik abiatuta indarkeria irudikatzeko eta kontatzeko modu desberdinak aztertuko dituen mintegi-zikloa.

Programa lau ardatzen inguruan egituratuko da: gorputza gudu-zelai gisa; hizkuntza gudu-zelai gisa; euskal gatazka eta haren inguruan sortutako zinema- eta literatura-estereotipoak; eta hizkuntzak euskal errealitatearen zenbait alderdi adierazteko dituen mugak, baita irudikapen-zailtasun horiek gainditzeko alegoriek, metaforek eta sinboloek duten erabilera ere. Koldo Mitxelena.26

Eider Rodriguez

Eider Rodriguez (1977) idazlea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea da. Publizitatea eta Zinema ikasi zituen eta Literaturan doktorea da. Editore eta gidoilari lanetan ere jardun du.

Bere literatura-lan nagusien artean daude Eta handik gutxira gaur, Haragia, Katu jendea, Bihotz handiegia, Eraikuntzarako materiala eta Dena zulo bera zen. Literatur kritikaren, komikigintzaren eta itzulpenaren arloetan ere jardun du. Koldo Mitxelena.26

Koldo Mitxelena Katedra

2012an sortutako Koldo Mitxelena Katedraren helburua Ipar Amerikako eremu akademikoan euskal ikasketak zabaltzea da. Chicagoko Unibertsitateko Division of the Humanities sailaren barruan kokatuta dago, eta urtero ospe handiko irakasle bat hartzen du humanitateen arloko ikastaroak, mintegiak eta hitzaldiak emateko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>