Zazpi unibertsitate katedrak euskal ikuspegiak nazioarteko eztabaidekin lotuko dituzte
2026/10/05
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuaren euskal ikasketen katedra sareko zazpi katedrak jarduera akademiko zabala garatuko dute udazken honetan Estatu Batuetako, Kanadako, Argentinako eta Frantziako unibertsitateetan. CUNY, Chicago, Nevada, Massachusetts Amherst, McGill eta Universidad Nacional de San Martín bezalako unibertsitateek hitzaldiak, mintegiak eta ikerketa topaketak hartuko dituzte, idazle, ikertzaile eta diziplina anitzetako adituen parte hartzearekin.
Jarduerek hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola eleaniztasuna, migrazioak, identitatea, memoria, botere-harremanak, literatura-sorkuntza eta gizarte-berrikuntza. Katedra horien bidez, euskal errealitatetik abiatutako ikuspegi eta esperientziak nazioarteko eztabaida akademikoekin eta beste unibertsitate komunitate batzuekin jarriko dira harremanetan.
City University of New Yorkeko (CUNY) Bernardo Atxaga Katedrak Oihana Leonet Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea hartuko du urriaren 5etik 9ra. Bere mintegiek eleaniztasun garaikidea aztertuko dute ikuspegi soziolinguistikotik eta hezkuntzaren ikuspegitik, euskararen esperientzia abiapuntu hartuta eta Latinoamerikako errealitateekin elkarrizketan.
Chicagoko Unibertsitatean, Eider Rodriguez idazleak Una historia de violencia: un paseo por la cultura vasca (Indarkeria historia bat: euskal kulturan zehar ibilaldia) programa garatuko du Koldo Mitxelena Katedraren baitan. Gorputzaren, hizkuntzaren eta indarkeriaren arteko harremana, euskal gatazkari lotutako zinema- eta literatura-estereotipoak eta hizkuntzaren mugak izango ditu aztergai.
University of Massachusetts Amhersteko William A. Douglass Katedrak Kirmen Uribe izango du gonbidatu urriaren 28an eta 29an. Writing Across Borders (Mugaz gaindi idazten) programaren baitan, besteak beste, Karmele filmaren emanaldia, idazketa garaikideari, artxiboari eta fikzioari buruzko topaketa akademikoa eta euskararen, memoriaren eta literaturaren arteko harremanei buruzko hitzaldi publikoa egingo dira.
Nevada Reno Unibertsitateko Jon Bilbao Katedrak Ander Beristain hizkuntzalaria hartuko du urriaren 11ra arte. Bere ikerketak Estatu Batuetako euskal diasporan euskararen jabekuntza, garapena eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa aztertzen ditu.
Montrealen, McGill Unibertsitateko Elbira Zipitria Katedrak gizarte-berrikuntza izango du ardatz, Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendariaren parte hartzearekin. Egonaldiak Quebecen garatutako esperientziak ezagutzeko eta bi lurraldeen arteko lankidetza-aukerak aztertzeko aukera emango du.
Buenos Airesen, Universidad Nacional de San Martíneko (UNSAM) Amale Artetxe Katedrak Susana Truchuelo historialaria izango du gonbidatu azaroaren 4tik 10era. Bere jarduera akademikoak XVI. eta XVII. mendeetako euskal lurraldeetako gobernantza, boterearen artikulazioa eta parte hartze politikoa izango ditu ardatz, euskal kasua gizarte iberiar eta amerikarren inguruko ikerketa historikoekin lotuz.
Jarduera horiei beste mugarri bat gehituko zaie urriaren 22an: Etxepare Euskal Institutuak eta Sorbonne Unibertsitateak Esther Ferrer Katedra berria inauguratuko dute Parisen. Katedrak euskarari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta hausnarketa sustatuko ditu, artearekin, pentsamenduarekin eta esperimentazioarekin loturak ezarriz
Gaur egun, Etxepare Euskal Institutuak 12 unibertsitate katedra ditu.