Euskara. Kultura. Mundura.

  • 19
    Mar 2026
    29
    Mar 2026
    Atharratze | Bilbo

Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.

Martxoaren 19tik 29ra egingo da 24. Korrika. 11 egunetan, 2.175 kilometro burutuko dituzte Euskal Herri osoan barrena, Atharratze abiapuntu eta Bilbo helmuga hartuta.

Hala ere, euskararen aldeko lasterketa ez da Euskal Herrira mugatzen, baizik eta bestelako forma eta kolore asko hartzen ditu munduko beste hainbat txokotan.

KORRIKA MUNDUAN

Korrika Munduan Euskal Herritik kanpo antolatzen diren Korrika herrikoiak dira, bertako euskal etxeek, euskara ikasleek, irakasleek eta laguntzaileek sustatuak. Formatu txikiagoan izan arren, esanahi handiko ekimenak dira: euskararen aldeko mezua mundura zabaltzen dute, eta diasporako euskaldunak saretu.

Aurten, ‘Euskara gara’ lelopean, nazioartera zabalduko da, beste behin, Korrika. Ohi bezala, Etxepare Euskal Institutuak bat egingo du AEK-ren ekimenarekin, Euskal Herritik kanpo euskarari babesa eta zabalkundea emateko. Horrela, mundu osoko euskal etxeetako kideek eta unibertsitatetako euskara eta euskal kultura irakurletzen irakasleek askotariko jarduerak antolatu dituzte egunotarako.

Herrialde bakoitzean bere modura antolatzen da: ibilbide sinbolikoak, lekukoa eskuz esku eramatea, ekitaldi kulturalak, musika, mintzaldiak eta topaketak… Baina guztiek partekatzen dute oinarri bera: euskara erdigunean jartzea.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>