Adriana Braccialek eta Mario Felipe Cancinok irabazi dute 24. Korrikaren Etxepare bideo-lehiaketa
2026/03/11
Euskara. Kultura. Mundura.
24. Korrikak Euskal Herriko kaleak zeharkatuko ditu, Atharratzetik Bilbora martxoaren 19tik 29ra, eta asko dira nazioartean bat egingo dutenak euskararen aldeko ekimenarekin. Tartean, Etxepare Euskal Institutuaren sareko kide diren nazioarteko unibertsitateetan eta munduko Euskal Etxeetako hainbat lagunek. Horietako batzuek Korrika Munduan bideo lehiaketan parte hartu dute: Adriana Bracciale eta Mario Felipe Cancino suertatu dira garaile, Bolonia unibertsitateko ikaslea eta Santiagoko Euskal Etxeko kidea, hurrenez hurren.
Etxepare Euskal Institutuak AEKrekin batera antolatzen duen lehiaketa mundu osoan zehar dituen irakurletzetako ikasleei eta Euskal Etxeetako euskara ikasle eta komunitateari zuzenduta dago. Munduko euskara ikasleek Korrikari babesa emateko bideo lehiaketa da, eta azken asteotan AEKren Youtubeko kanalean egon dira ikusgai. ‘Atsegin dut’ gehien jasotakoek irabazi dute.
40 parte hartzaile izan dira aurtengoan, Europa, Ozeania eta Ameriketako unibertsitate eta Euskal Etxetakoak. ‘Atsegin dut’ gehien dituzten bi bideoek (kategoria bakoitzeko batek) AEK-k antolatutako online barnetegi pertsonalizatu bana jasoko dute, bi pertsonarentzako.
Unibertsitate sareko bideo bozkatuena Boloniako unibertsitateko ikasle Adriana Braccialerena izan da (68 atsegite); Euskal Etxeen sareko bideo bozkatuenak, aldiz, Mario Felipe Cancinorena (947 atsegite). Martxoaren 10era bitarte bozkatu ahal izan dira bideoak (10:00, GMT+1).