Nazioarteko euskal hiztun komunitatea saretuko du Korrika Munduan ekimenak

2026/02/20

Euskara. Kultura. Mundura.

‘Euskara gara’ lelopean, martxoaren 19tik 29ra abiatuko da 24. Korrika. Eta beste behin ere, Euskal Herrira ez ezik, nazioartera ere zabalduko da lasterketa, Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean. Hala, mundu osoko euskal etxeek, unibertsitate-sareko euskara irakasle eta ikasleek eta diasporako euskaltzaleek oro har, Korrikaren harira aurreikusitako jarduerekin bat egingo dute.

Aurten ere, Euskal Herritik kanpo munduko txoko askotan Korrika herrikoiak antolatuko ditu Korrika Munduan ekimenak, euskara ikasten, erabiltzen eta balioan jartzen duten milaka pertsonak osatzen duten komunitatea indartu eta horri ikusgarritasuna emateko. Horrela, euskararen nazioarteko irudia indartu egin nahi da eta hizkuntza bizia, komunitate aktiboa eta etorkizunera begirakoa dela erakutsi.

Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlana abiapuntu, edizio honetarako ere bideo-lehiaketa martxan jarri da Korrika Munduan-en baitan, eta bi kategoria izango ditu: munduko Euskal Etxeetako kideek bidalitako bideoek hartuko dute parte, batetik, eta Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate-sarea osatzen duten irakurletzetako ikasle eta irakasleek bidalitakoek, bestetik. Korrika 23. edizioan 12 lagunek hartu zuten parte, eta, Julio Jimenez, Euskal Etxeen kategorian, eta Owen Wilson, irakurletzen kategorian, suertatu ziren garaile.

Bideo sariketaz gain, euskararen aldeko lasterketaren karietara, erronka luzatu du AEK-Korrikak, hizkuntza gutxituek hiztun-kopurua eusteko duten zailtasunen jakitun. Horregatik, euskal hiztunek euskaraz ez eze, munduko hizkuntza gutxiagotuetako biztanleek ere dagokien mintzairan eroso bizitzeko mezua itzultzeko erronka kaleratu du AEK-k.

Horri lotuta, halaber, bretoieraren, okzitanieraren eta katalanaren aldeko Korrika Ahizpa txikiak aurreikusi dira aurten. Katalanaren aldeko Corellengua apirilaren 19tik maiatzaren 5era egingo da, okzitanieraren aldeko La Passem lasterketa apirilaren 30etik maiatzaren 9ra ospatuko da, eta bretoieraren alde Ar Redadeg izenburupean egingo dute lasterka, maiatzaren 8tik 16ra.

Nazioartean ere, euskara erdigunera

Munduan zehar milaka pertsona ari dira euskara ikasten eta erabiltzen. Hainbat herrialdetan egiten da Korrika, hiri handi zein herri txikietan. Txoko bakoitzean bere modura antolatzen dute: ibilbide sinbolikoak, lekukoa eskuz esku eramatea, kultur ekitaldiak, musika, mintzaldiak eta topaketak, eta abar. Baina guztiek partekatzen dute oinarri berbera: euskara erdigunean jartzea. Izan ere, euskararen aldeko mezua mundura zabaltzen dute, eta horrekin batera hizkuntza komunitatearen indarra azaleratzen. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>