Maitaldia jaialdiako Basque Showcase jardueran parte hartzeko deialdia zabalik da
2026/04/30
Euskara. Kultura. Mundura.
Irailaren 11tik 20ra ospatuko den Maitaldia Dantza Jaialdiaren 36. edizioko albo-programazioaren jarduera profesionalen artean, Basque Showcase izeneko hitzordua egingo da irailaren 12an, Donostiako Tabakaleran.
Hartara, Etxepare Euskal Institutuak, ADDE Euskal Herriko dantza profesionalen elkarteak eta Biarritzeko Koreografia Zentro Nazionala—Malandain Ballet konpainiak deialdia ireki dute, zeinaren arabera Euskal Herriko hiru dantza konpainia aukeratuko diren, erakustaldi edo showcase bana eskain dezaten. Deialdi honek Maitaldia jaialdira bertaratutako frankofoniako programatzaileak euskal dantza konpainien proposamen artistikoak gertutik ezagutzea du xederik behinena, bai eta frankofoniako zein nazioarteko programatzaileen presentziaz probestea ere.
Erakustaldi honetarako, pieza laburrak zein pieza luzeen zatiak hautatuko dira, 15 eta 20 minutu arteko luzera daukatenak. Era berean, Basque Showcase jardueran parte hartu nahi duten konpainiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Aretorako lanak (10 x 10 m eszenatokia).
- 15 eta 20 minutu arteko ikuskizunak edo ikuskizun zatiak.
- Testu gutxi edo publiko gehienak ulertuko duen hizkuntza.
- Eszenografia eta argiteria xinplea
- ADDEko kidea izatea edo Basque Dance katalogoan egotea deialdia amaitu aurretik
Euskal konpainien erakusleiho edo showcase hau 2026ko irailaren 12ko goizean ospatuko da, eta emanaldiaren ondoren, artista eta programatzaileei hamaiketako bat eskainiko zaie, elkarlan-aukerak sustatu asmoz. Hautatutako konpainiek ez dute beren parte-hartzeagatiko katxerik jasoko. Bidaia-gastuak, jan-edana, eta beste hainbat oinarrizko gastu, aldiz, bere gain hartuko dituzte erakunde antolatzaileek.
Proposamen artistikoak aurkezteko epea 2026ko maiatzaren 15ean bukatuko da (hura barne).