Euskal ikasketak Liverpooleko unibertsitatean: Manuel Irujo beka-deialdia zabalik
2026/04/08
Euskara. Kultura. Mundura.
University of Liverpool unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak elkarlanean eskaintzen duten Manuel Irujo Scholarship in Basque Studies bekarako deialdia zabalik dago jada. 2026ko irailean hasiko den beka honek Euskal Herriari buruzko ikerketa-proiektu bat garatu nahi duten graduondoko ikasleei zuzendutako aukera eskaintzen du, nazioarteko testuinguru akademikoan kokatuta.
Bekak 5.000 libera inguruko laguntza ekonomikoa eskaintzen du, eta University of Liverpool-en eskaintzen diren hainbat master programatan matrikulatzen diren ikasleentzat dago zuzendua, hala nola hizkuntza eta kultur ikasketak, itzulpena, zinema, historia edo nazioarteko harremanak. Hala, Euskal Herriari buruzko ikerketa sustatzea da helbururik behinena, ikuspegi garaikide eta diziplina anitzekoetatik abiatuta.
Deialdiak bereziki baloratuko ditu Euskal Herriko kultur ekoizpena, historia kulturala edo politika ardatz dituzten proiektuak. Ildo horretan, interes berezia pizten dute memoria-ikasketek, erbeste eta diasporari lotutako ikerketek edo ikuspegi europar eta kosmopolitek, Manuel Irujoren ibilbidearekin lotura estua duten gaiak baitira. Halaber, beste hainbat arlotako proposamenak ere onartzen dira, hala nola kultura digitala, genero-ikasketak, literatura, zinema edo ikuspegi konparatiboak, Euskal Herria beste testuinguru batzuekin harremanetan jartzen dutenak.
Manuel Irujo beka eskuratu nahi duten interesdunek ikerketa-proiektuaren proposamen bat aurkeztu beharko dute, eta hautaketa prozesuan proiektuaren kalitatea eta hautagaiaren bikaintasun akademikoa hartuko dira kontuan.
Eskaerak aurkezteko epea 2026ko uztailaren 31n amaituko da. Bekari eta master programei buruzko informazio osagarria hemen kontsulta daiteke.
- Eskaera-orria
- Harremanetarako helbidea: mercerog@liverpool.ac.uk