Nazioarteko ikasleak euskara ikasten Zornotzan

2026/08/06

Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko unibertsitate sarean euskara eta euskal kultura ikasten duten 22 ikasle ikastaro trinkoa egiten ari dira egunotan Zornotzako Aurten Bai barnetegian. Egonaldia abuztuaren 3an hasi zen eta hilaren 14ra arte luzatuko da.

Euskara. Kultura. Mundura.

Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko unibertsitate sarean euskara eta euskal kultura ikasten duten 22 ikasle ikastaro trinkoa egiten ari dira egunotan Zornotzako Aurten Bai barnetegian. Egonaldia abuztuaren 3an hasi zen eta hilaren 14ra arte luzatuko da.

Taldea Poloniako bost ikaslek, Ameriketako Estatu Batuetako lauk, Alemaniako lauk eta Estatutik etorritako beste lauk —hiru Bartzelonatik eta bat Madrildik— osatzen dute. Horiez gain, Finlandia, Frantzia, Italia, Txile eta Uruguaitik ikasle bana etorri da.

Aurretik, uztailaren 13tik 24ra, beste 16 ikaslek hartu zuten parte programaren lehen txandan. Guztira, 38 ikaslek hartuko dute parte uda honetan Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura ikasten duten ikasleei ikasturtean zehar eskuratutako ezagutzak sendotzeko eta sakontzeko aukera eskaintzen dieten egonaldi hauetan.

Euskara ikasteko bekak

Etxepare Euskal Institutuak 2012tik eskaintzen ditu euskara ikasteko egonaldiak egiteko bekak. Aurten Bai Fundazioarekin duen hitzarmenaren baitan, Institutuaren unibertsitate sareko ikasleek ikastaro trinkoak egiteko aukera dute Zornotzako Aurten Bai barnetegian.

Egonaldi hauek ikasleek euren jatorrizko unibertsitateetan ikasturtean zehar jasotzen duten prestakuntza osatzeaz gain, euskararen ezagutzan sakontzeko eta testuinguru euskaldun batean murgilduz euren hizkuntza gaitasunak garatzeko aukera ematen diete.

Etxepare Euskal Institutuak mundu osoko unibertsitateetan bultzatzen du euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza, atzerrian euskal ikasketak sustatu eta ikusgai egiteko helburuarekin. 2024-2025 ikasturtean, euskara eta euskal kulturako irakasgaiak 19 herrialdetako 35 unibertsitatetan eskaini ziren, eta 1.300 ikasle baino gehiago matrikulatu ziren.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>