Bueltan da atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa
2026/07/21
Etxepare Euskal Institutuak eta EHUk antolatutako hamabigarren edizioa urriaren 2tik azaroaren 27ra egingo da Donostian, eta irailaren 17ra arte egongo da zabalik izena emateko epea.
Euskara. Kultura. Mundura.
Hamabigarren edizioarekin itzuliko da aurten atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa. 2024an azken aldiz egin zen programak nazioarteko unibertsitateetan irakatsi nahi dutenentzako prestakuntza espezializatua eskaintzen jarraituko du, Euskal Ikasketen didaktika, metodologia eta kultur transmisioa ardatz hartuta.
Bi hilabetez, hizkuntzalaritza, didaktika, metodologia, euskal kultura eta zibilizazioa bezalako gaiak jorratuko dituzte parte-hartzaileek arloko adituen eskutik. Ikuspegi teorikoa eta praktikoa uztartzen dituen programaren bidez, nazioarteko unibertsitateetako irakaskuntzaren erronkei erantzuteko tresnak eta baliabideak eskuratuko dituzte, testuinguru eta ikasle profil desberdinetara egokitutako irakaskuntza-proposamenak garatzeko.
Ikastaroa Giza eta Gizarte Zientzietako tituludunei, graduko azken mailako ikasleei eta etorkizunean atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakatsi nahi dutenei zuzenduta dago. Halaber, prestakuntza honek meritu gisa puntuak ematen ditu Etxepare Euskal Institutuak urtero antolatzen dituen nazioarteko irakurleak hautatzeko deialdietan, eta amaieran parte-hartzaileek EHUk emandako 6 ECTS kredituko ziurtagiri ofiziala eskuratuko dute.
Prestakuntza-programa hau Etxepare Euskal Institutuak mundu osoko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura sustatzeko egiten duen lanaren baitan kokatzen da. Gaur egun, Institutuaren lankidetzari esker, Europa, Amerika eta Asiako 33 unibertsitatetan eskaintzen dira Euskal Ikasketak, eta ikastaro honek nazioarteko sare hori indartzen laguntzen du, etorkizuneko irakasleak prestatuz eta euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko presentzia sendotuz.
Ikastaroaren programa xeheki ezagutu eta izena emateko, honako esteka honetara jo.