Nazioarteko kongresua: hizkuntza gutxituen erronkak frankofoniaren unibertsoan
2025/11/10
Euskara. Kultura. Mundura.
Azaroaren 19an eta 20an, ‘Langues minorisées en contexte francophone: traduire, transmettre, transformer’ (‘Hizkuntza gutxituak testuinguru frankofonoan: itzuli, transmititu, eraldatu’) nazioarteko kongresua egingo da Pariseko Sorbonne eta Sorbonne Nouvelle unibertsitatean, Etxepare Euskal Institutuak bi erakunde hauekin lankidetzan antolatuta.
Topaketak Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrenarekin bat egiten du, eta Ça colle au basque ekimenaren testuinguruan kokatzen da, unibertso frankofonoan euskararen eta euskal sorkuntzaren proiekzioa indartzeko abiatutako egitasmoa.
Biltzarrean bederatzi unibertsitatetako 20 hizlarik hartuko dute parte, testuinguru frankofonoan hizkuntza gutxituek gaur egun dituzten erronken inguruan hausnartzeko. Hala, Parisko bihotz akademikoan egoera diglosikoan daude hizkuntzen funtzio soziala eta hizkuntza aniztasuna ikusarazi eta aldarrikatuko dira.
Euskara abiapuntu eta inspirazio iturri hartuta, eremu frankofonoko hizkuntza gutxituen arteko elkarrizketa abiatuko da biltzarrean. Hiru mahai-ingururen eta bi hitzaldi nagusiren bidez, hizkuntza horien itzulpen-, transmisio- eta aintzatespen-dinamikei buruz jardungo dute, baita haien eskubideen aitortzari buruz ere.
Besteak beste, hizkuntzalaritza, itzulpengintza, literatura konparatua, zientzia politikoa, soziologia, antropologia eta kultura-ikasketen esparruko nazioarteko irakasle eta espezialistek hartuko dute parte kongresuan.
Euskara, unibertso frankofonoko beste hizkuntza gutxitu batzuekin batera —hala nola Guyana Frantseseko hizkuntza indigenak, Antilletako kreolera edo bretoiera—, hizkuntza gutxituen inguruko eztabaidaren erdigunean jarriko duen lehen mailako topaketa akademikoa izango da.
Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusiaren hitzetan: "Kongresu hau Parisko bihotz akademikoan egiteak balio sinboliko handia du: hizkuntzen eremuan euskarari bere lekua aitortzea eta hizkuntza-aniztasuna Europako balio gisa onartzea esan nahi du. Normalean periferian kokatzen diren hizkuntzak elkartuz, topaketak erdigunearen eta bazterren arteko harremana irauliko du zenbait egunez, hizkuntza gutxituen eginkizun soziala eta indar bizia lehen lerrora ekarriz”.
Hizkuntza-aniztasunaren inguruko hausnarketa eta truke intelektualerako espazio berritzailea zabaltzeaz gain, kongresu honek sendotu egiten du Etxepare Euskal Institutuaren aliantza nazioarteko bi erreferente akademikorekin: Université Sorbonne Nouvelle eta Sorbonne Université. Bi erakunde horietan euskal ikasketek hamar urte baino gehiagoko ibilbidea dute, eta topaketa honek euskararen eta euskal ikasketen presentzia nazioarteko unibertsitate-eremuan indartzeko jauzi kualitatiboa dakar.
Hiru ardatz nagusi: itzulpena, transmisioa eta instituzionalizazioa
Euskarak protagonismo berezia izango du kongresuan, ikergai zein eztabaidagai gisa. Gainera, Ipar nahiz Hego Euskal Herriko dozena erdi hizlarik hartuko dute parte. Frankofoniaren eremuan hizkuntza gutxituek gaur egun dituzten erronkak hiru eztabaida-zati nagusitan aztertuko dira.
Lehen zatia hizkuntza gutxituetako itzulpenari eskainiko zaio, eta itzulpen-politikak eta -praktikak aztertuko ditu hizkuntza horiek ikusarazteko edo baztertzeko tresna gisa. Besteak beste, bretoieraren kasua landuko da, non itzulpen askok balio sinbolikoa funtzionala baino handiagoa duten; edo Guyana Frantseseko hizkuntza indigenen egoera, “Frantziako hizkuntza” gisa aitortuak izan arren, oraindik ere interpretazio- eta informazio publiko- zerbitzu faltari aurre egin behar diotenak, bazterketa eraginez eta herritartasun sentimendua ahulduz. Halaber, euskaratik frantseserako literatura-itzulpena ere aztertuko da, hizkuntza gutxitu baten eta hizkuntza hegemoniko baten arteko asimetriaren adibide gisa, eta Ipar Euskal Herrian euskararen auziak izan duen bilakaera gogoeta-gai izango da.
Bigarren zatiak komunitateek beren hizkuntzak eta praktika kulturalak berreskuratzeko, eraldatzeko eta transmititzeko dituzten moduak aztertuko ditu. Karibe aldera erreparatuz, esaterako, Antilletako kreoleraren berreskurapena izango da hizpide: “lotsaren hizkuntza” izatetik harrotasun kulturalaren eta herritartasunaren ikur bilakatu da. Euskal esparruan, berriz, Behe Nafarroako libertimenduaren berpizkundea izango da aztergai, euskarazko berrikuntza kulturalaren adibide gisa: landa-inauterietako erritu-elementuak eta gaur egungo adierazpideak uztartzen ditu, eta gaur egun harrotasun kolektiboaren eta belaunaldien arteko loturaren sinbolo bihurtu da.
Hirugarren eta azken zatiak arriskuan dauden hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen instituzionalizazioak dakartzan kontraesanak eta erronkak aztertuko ditu. Besteak beste, kornubieraren adibidea aurkeztuko da: XVIII. mendean eguneroko komunikazio-hizkuntza gisa desagertu bazen ere, instituzionalizazioaren bidez biziberritzea lortu duen hizkuntza da. Halaber, Frantziaren kasua ere aztertuko da, non hizkuntza gutxituen babesa eta biziberritzea bermatuko lituzkeen lege-esparruaren gabeziak hizkuntza horien biziraupena arriskuan jartzen duen.
Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrenaren ospakizuna Parisen
Aurten 15 urte bete dira Etxepare Euskal Institutuak bere jarduera abiatu zuenetik, eta urteurren hori ospatzeko antolatutako ekitaldien baitan kokatzen da kongresua. Ospakizun ekitaldi nagusia ordea azaroaren 19an egingo da, Frantziako Liburutegi Nazionalean (Bibliothèque nationale de France, BnF), Imanol Pradales Lehendakaria buru dela. Bertan izango dira, halaber, politikaren, erakundeen eta kulturaren esparruko ordezkari ugari, bai eta Parisen bizi diren euskal diasporako kideak ere.
Ekitaldia balio sinbolikoa duen espazio batean egingo da: BnF-n. Bertan gordetzen da euskaraz argitaratutako lehen liburuaren, Bernat Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’-ren, ale bakarra. Etxepare bera da erakundeari izena ematen dion egilea, eta hark idatzitako leloa —Euskara, jalgi hadi mundura— Institutuaren misioaren eta jardunaren inspirazio-iturri izan da hasieratik.