NYC Basque Film Festival
Euskara. Kultura. Mundura.
-
02Abe 202504Abe 2025
New York
Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz, Eusko Jaurlaritzak Estatu Batuetan duen ordezkaritzak antolatzen du NYC Basque Film Festival jaialdia; euskara, euskal kultura eta zinema AEBetara hurbiltzea du helburu. 2025eko edizioa abenduaren 2tik 4ra egingo dute, Manhattan uharteko Village East Cinema historikoan, eta hiru euskal film izango dira ikusgai: ‘Robot dreams’ (Pablo Berger, 2023), ‘Bizkarsoro’ (Josu Martinez, 2023) eta ‘Los Williams’ (Raúl De la Fuente, 2024).
Pablo Bergerren ‘Robot Dreams’ animazio filmak abiatuko du festibala abenduaren 2an. Cannesen estreinatu zen filma, 2023ko maiatzean, eta urte berteko irailean Sitgeseko jaialdian ere proiektatu zuten. Sariak jaso zituen Europako Zinemaren sarietan, Forqué sarietan eta Annecyn, besteak beste, eta lau sailetan izan zen izendatuta 2024ko Goya sarietarako, eta animazio filmik onenaren eta egokitutako gidoi onenaren sariak eskuratu zituen bertan. Horrez gain, film luze onenaren Oscar sarirako hautagaia izan zen 2024an.
Dog txakurra Manhattanen bizi da. Egun batez, robot bat eraikiko du, lagun bat. Adiskidetasuna handitzen joango da, 80ko hamarkadako New Yorken, eta elkarren hurko bihurtuko dira, min-minak. Udako gau batez, Dogek robota abandonatu beharko du hondartzan. Aurkituko dute inoiz elkar?
Bigarren egunean, abenduaren 3an, Josu Martinez zuzendariaren ‘Bizkarsoro’ egongo da ikusgai. Benetako bost kontakizunetan oinarrituta dago, 1914 eta 1982 artean girotuak, eta herri irudizko batean kokatzen du ekintza, memoria historikoa, hizkuntza eta identitatea defendatzen dituen sinbolo gisa.
Existitzen ez den herri batean, bost istorio erreal, 1914tik 1982ra gertatuak, ahozko lekukotasunetan eta idazleen testuetan oinarrituak. Haietan barna, XX. mendean zehar Ipar Euskal Herriko herri ttipi batek bizitako aldaketa sozialak agerian. Hizkuntza baten erroizte eta hurrentzea. Eta bizirauteko borroka.
Azkenik, abenduaren 5ean, Raúl De la Fuente zuzendariaren ‘Los Williams’ dokumentalak emango dio akabera NYC Basque Film Festival jaialdiari. 72. Donostiako Zinemaldian Zinemira sailaren irekiera-filma izan zen, eta 2025eko Iris sarietarako dokumental onenaren hautagai izendatu zuten.
‘Los Williams’ dokumentalak hainbat gai jorratzen ditu: arrazakeria, anai-arreben arteko harremanak, migrazioa, memoria eta identitatea, pribilegioa, eta beltz gorputza duen pertsona zuria ote den, euskal herritar beltza ote den edo, besterik gabe, atzerritar sentitzen ote den oso ondo ez dakien norbaiten deserosotasuna. Anaiak, ghanatarren ondorengoak, Athletic Clubeko jokalari miretsiak dira, hots, euskal jokalariak bakarrik dituen lehen mailako lehenengo taldekoak.