Suns Europe 2025: Verde Prato
Euskara. Kultura. Mundura.
-
06Abe 2025
Udine
Aurten, Suns Europe jaialdiak —Europako hizkuntza gutxituak oholtzara ekartzen dituen topagune nagusiak— bere final handia ospatuko du abenduaren 6an Udineko Giovanni antzokian. Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz, Verde Prato izango da Euskal Herriaren ordezkaria eta, aldi berean, euskararen ahotsa taula gainean. Larunbateko finalean bere proposamen pertsonal eta indartsua aurkeztuko du.
Verde Prato
Verde Prato Ana Arsuaga musikariaren proiektu pertsonala da. Pop esperimentala, elektronika eta ahots biluziaren indarra uztartzen ditu bertan. Bere diskografian barrena euskal doinu tradizionalak eta soinu garaikideen arteko zubiak aurki daitezke, unibertso intimo eta poetikoak osatuz
Maddi eta Ibai Atutxa
Finalaren atariko egunei dagokienez, euskarak bestelako presentzia ere izango du jaialdian: Maddi abeslari nafarrak bi kontzertu eskainiko ditu azaroaren 28an eta 29an; eta abenduaren 4an, Ibai Atutxak (EHUko irakaslea eta Argiako zutabegilea) ‘Barbaroak eta zibilizatuak’ liburua aurkeztuko du.
Suns Europe jaialdia
Suns Europe 2009an sortu zen Udinen (Italia ipar-ekialdea), friulieraren inguruan antolatutako lehen topaketa gisa. Friuliera —600.000 hiztun ingururekin— ez da inon ofiziala, eta UNESCOren arabera arrisku handiko hizkuntza da. Radio Onde Furlane irrati lokalak (1980tik emititzen) izan zuen ekimenaren abiapuntua, eta 2015etik jaialdi musikal bihurtuta, kultur aniztasunaren eta hizkuntza minorizatuen sormen garaikidearen erakusleiho nagusietako bat da.
Jaialdiak kontzertu-programazio zabala eta literatura zein beste diziplina artistikoen topaketak eskaintzen ditu, eta urteko azken egun hauetan berriz bilduko ditu Europa osoko hizkuntza bizien ahotsak.