Suns Europe: RTZ Kolektiboa, epaimahaiaren saria eskuratzen duen lehen euskal taldea
2026/10/13
Baionako rap taldearen energia, adierazpen indarra eta gizarte gaiak musikaren bidez jorratzeko gaitasuna nabarmendu ditu epaimahaiak. Europako hizkuntza gutxituetako artistak bildu ditu jaialdiak Udinen (Italia).
Euskara. Kultura. Mundura.
RTZ Kolektiboak irabazi du Suns Europe 2026 jaialdiaren hamabigarren edizioko nazioarteko epaimahaiaren saria, eta aitortza hori lortu duen euskarazko lehen taldea bihurtu da. Europako hizkuntza gutxituetako artistak bildu dituen musika lehiaketaren finala urriaren 10ean egin zen Udineko (Italia) Teatro Nuovo Giovanni da Udine antzokian.
Baionako Zizpa gaztetxearen inguruan sortutako rap taldea Oph, Frel eta Petri artistek osatzen dute, DJ Wall ekoizlearekin batera. Urtebeteko etenaren ondoren, EDEN diskoarekin itzuli da taldea, rapa beste musika genero batzuetako eraginekin uztartuz.
Paolo Cantarutti Radio Onde Furlaneko esataria buru izan duen nazioarteko epaimahaiak taldearen energia eta adierazpen indarra goraipatu ditu, baita “gizartearentzat garrantzitsuak diren gaiak musikaren bidez komunikatzeko duen gaitasuna” eta oholtza gaineko presentzia ere.
Publikoaren saria Kataluniako Ölivias taldeak eskuratu du, eta hizkuntza gutxituen aldeko lana aitortzen duen Altre Europe saria Premio Ostana egitasmoari eman diote.
Europako hizkuntza gutxituetako sorkuntzaren topagunea
2009an Friulin sortua, Suns Europe Europako hizkuntza gutxituetako sorkuntza garaikideari eskainitako jaialdia da. Musikaren, zinemaren eta literaturaren bidez, hizkuntza komunitate desberdinetako artisten arteko topaketak eta kultur trukea sustatzen ditu.
Aurtengo edizioa urriaren 2tik 10era egin da Udinen eta Friuliko beste hainbat herritan. Musika lehiaketan zazpi hizkuntza komunitatetako artistek parte hartu dute. RTZ Kolektiboaz gain, Bilboko ADUR rave-punk bikoteak ere parte hartu du jaialdian.
Etxepare Euskal Institutua eta Suns Europe
Etxepare Euskal Institutuak hainbat urte daramatza Suns Europerekin lankidetzan, euskarazko musikaren eta sorkuntzaren nazioarteko presentzia sustatzeko. Aurreko edizioetan, besteak beste, Verde Prato, MICE, Niña Coyote eta Chico Tornado, Ødei eta Olatz Salvador izan dira jaialdian parte hartu duten euskal artistak.