EAS-EZE, hamar urte euskal arte garaikidea Buenos Airesekin konektatzen
2026/09/30
EAS-EZEk hamar urte bete ditu euskal sorkuntza garaikidea Buenos Airesekin konektatzen. Jaime de los Ríos eta Mikel Otxotekok beren proiektuak aurkeztuko dituzte MUNTREFen.
Euskara. Kultura. Mundura.
EAS-EZE
Ikerketa eta ekoizpen artistikoa sustatzeko, euskal sortzaileen nazioarteko proiekzioan laguntzeko eta mugikortasuna zein kultura-trukea bultzatzeko helburuarekin sustatzen dute Biaminek eta Etxepare Euskal Institutuak EAS-EZE programa.
Azken hamar urteotan, EAS-EZE euskal arte garaikidearen nazioartekotzerako plataforma gisa sendotu da, artista, erakunde eta kultura-testuinguru ezberdinen arteko ikerketa, ekoizpen eta harreman aukerak sortuz.
Etxepare Euskal Institutuaren misioarekin bat eginez, EAS-EZE programak lankidetza-sareak indartzen eta euskal sorkuntzarentzat nazioarteko ikusgarritasun eta elkarrizketa espazio berriak irekitzen laguntzen du.
EAS-EZE programak hamar urte bete ditu euskal sorkuntza garaikidea Buenos Airesekin konektatzen. Aurtengo edizioan, Jaime de los Ríos eta Mikel Otxoteko artistek programaren baitan garatutako proiektuak aurkeztuko dituzte MUNTREF – Universidad Nacional de Tres de Febrero unibertsitatearen museoan. Bitaminek, Etxepare Euskal Institutuaren eta MUNTREFen lankidetzarekin sustatutako programaren barruan, bi erakusketak urriaren 4an inauguratuko dira MUNTREF – Hotel de Inmigrantes egoitzan. Bi proiektuek konexioa lantzen dute, bakoitzak bere ikuspegitik: pertsonen, sareen, hirien eta lurraldeen artekoa.
Jaime de los Ríos: Instrucciones para encender un diálogo
Zertan datza Instrucciones para encender un diálogo?
Egia esan, maitasun istorio bat da. Egunero elkarri bidaltzen dizkiogun mezuetako bakoitzean gertatzen den maitasun istorio bat.
Internet bidez bidaltzen dugun mezu bakoitza, sistema bitarraren bidez, ozeano osoan zehar itsaspeko kableak gurutzatzen dituzten argi-pultsu bihurtzen da. WhatsApp edo Telegram bidez mezu bat bidaltzen duzunean, adibidez, mezu horrek 15.000 kilometrotik gorako eskultura moduko bat aktibatzen du.
Nolabait, historiako eskulturarik handiena da: bi pertsonaren artean sortzen da eta, aldi berean, iragankorrena da.
Bi pertsonen arteko konexio horretatik abiatzen da lana, eta gaur egungo maitasun istorio bihurtzen du: euskaldun baten eta Buenos Airesko emakume baten artekoa.
Zer aurkituko du fisikoki publikoak Buenos Airesen?
Erakusketan zazpi minutu inguruko bideo-proiekzio bat egongo da. Maitasun istorio bat kontatzen da bertan, oso lengoaia teknologikoa erabiliz: datuen, sarearen, IPen eta mapen lengoaia.
Lanak web-dimentsio bat ere badu; edonork sar daiteke bertara eta konexio-ariketa hori errepikatu.
Teknologia ez dela zerbait abstraktua erakustea interesatzen zait. Materialtasun bat du, eta ondorio materialak ere baditu Lurrean. “Hodeiaz” hitz egiten badugu ere, atzean azpiegitura oso zehatzak daude. Galdera da ea gai garen materialtasun teknologiko horri ere nolabaiteko goxotasuna emateko.
Zer suposatzen du zuretzat zure lana lehen aldiz Buenos Airesen aurkezteak?
Lehen aldia da hara bidaiatzen dudana, baina, nolabait, askotan egon naiz bertan. Borgesen irakurle sutsua naiz, Bioy Casares gustatzen zait, eta askotan ibili naiz adarkatzen diren labirinto horietan. Niretzat oso zirraragarria da.
Gainera, lan honek erabateko aldaketa dakar nire sorkuntzan. Normalean obra algoritmiko eta teknologikoekin lan egiten dut, baina dimentsio ez-semantiko batetik, hitzak oraindik idatzita ez dauden eremu batean.
Oraingoan, ordea, hitz askoko istorio bat landu dut. Borgesek gaur egungo teknologiaren lengoaian idatzitako Cortázarren estiloko istorio bat eraiki nahi izan dut.
Nola ikusten duzu gaur egun euskal arte garaikidearen nazioarteko proiekzioa?
Uste dut gure burua berriz pentsatzeko eta proiekzio-modu berriak eraikitzeko une batean gaudela.
Horregatik dira garrantzitsuak horrelako programak euskal kultura garaikidea nazioartera eramateko, baina ikuspegi kritiko batetik eta oraindik bide luzea egiteko dugula jakinda.
Jardun artistikoa oso pasionala da. Nolabait, zure burua etengabe proiektatzen ari zara. Horregatik da garrantzitsua erakundeen laguntza.
Etxepare Euskal Institutuak urte asko daramatza nire lana babesten, eta Bitaminek ere bai. Laguntza hori denboran mantentzen denean, zure jardunaren parte bihurtzen da.
Uste dut gaur egun proiektu berriak, galeria berriak eta ekosistema berri bat aktibatzen ari direla. Urte zailak izan ditugu, baina berreraikitze-prozesu bat sumatzen da, eta laguntza horrek bestela askoz zailagoa izango litzatekeen irismena ematen dio jardun artistikoari.
Mikel Otxoteko: Buenos Aires, ecologías urbanas
Zertan datza Buenos Aires, ecologías urbanas?
Buenos Aires, ecologías urbanas hiria esploratzeko eta haren errealitatea ikusarazteko tresna bat izan nahi du.
Instalazioak bost argi-errotulu ditu eta, erdialdean, hasieran hutsik dagoen Buenos Airesko mapa handi bat. Publikoaren parte-hartzearen bidez osatzen joaten da mapa hori, hiri-esperientziarekin lotutako esaldiak dituzten fitxen bidez.
Pertsonek fitxak banatu ahala, eremuak, metaketak eta harremanak sortzen dira, eta horiek hiriaren irakurketa bat eskaintzen dute.
Niretzat hori funtsezkoa da, badakidalako kanpoko eragile gisa iristen naizela. Ez dut Buenos Aires kanpotik definitu nahi; aitzitik, bertako biztanleek beren hiriaren irudikapena eraiki dezaten dispositibo bat sortu nahi dut.
Buenos Aires hiri erraldoi eta askotarikoa da, historikoki geruzen, migrazio-mugimenduen eta hainbat indar sozialen bidez osatua. Lanak harreman horietako batzuk ikusaraztea du helburu.
Publikoaren parte-hartzearen bidez eraikitzen den obra bat da?
Bai, nahiz eta ez dudan amaitu gabe dagoen eta osatu behar den obra gisa ulertzen, tresna gisa baizik.
Tresna hori erabilia izatea interesatzen zait. Ikuspegia erabat artistikoa da, baina garrantzitsuena errealitatea esploratzeko tresna gisa funtzionatzea da.
Aurreko proiektuetan ikerketa luzeetatik eta aztergai nuen errealitatearekin harreman oso zuzena izatea ahalbidetzen zidaten egonaldietatik lan egin izan dut.
Kasu honetan distantzia bat dago. Distantzia hori onartzea eta sormen-prozesuaren parte bihurtzea erabaki dut, beste modu batean errealitatea esploratzera nola eraman nazakeen galdetuz.
Zer harreman dago proiektuaren, Buenos Airesen eta Euskal Herriaren artean?
Lana Buenos Airesekin lotuta dago, baina baita Euskal Herriarekin ere.
Bi lurraldeen artean lotura historiko bat dago, bi norabideetan arrastoa utzi duten mugimendu, harreman eta trukeen bidez eraikia.
Konexio-eremu hori interesatzen zait bereziki: lurralde batek bestearekin nola egiten duen harremana, eta harreman historiko, sozial eta ekologiko horiek gaur egun ere irakurketa berriak nola sortzen dituzten.
Nola ikusten duzu gaur egun euskal artisten nazioartekotzeari ematen zaion bultzada?
Uste dut azken urteotan bultzada handia eta anbizio handia sumatzen direla, anbizioa zentzu positiboan ulertuta. Artistontzat hori funtsezkoa da.
Nire esperientziatik hitz egin dezaket: nire azken urteetako jarduna ere Etxepareren eta nazioartekotzea sustatzen ari diren beste erakunde batzuen laguntzak zeharkatzen du.
Laguntza horrek beste testuinguru batzuekin konexioak sortzea, beste ikuspegi batzuetatik lan egitea eta gure lanaren irismena zabaltzea ahalbidetzen du; bestela, hori bideraezina edo zuzenean ezinezkoa izango litzateke.