TAC Valladolid: Basque. Performing arts.
Euskara. Kultura. Mundura.
-
20Mai 202624Mai 2026
Valladolid
Hiru euskal sortzaile edo konpainiek parte hartuko dute Valladolid-eko XXVII. Nazioarteko Antzerki eta Kale Arteen Jaialdian.
Maiatzaren 20tik 24ra egingo den TAC Valladolid jaialdian Trapu Zaharra, Osa+Mujika eta El Mono Habitado konpainiek hartuko dute parte, Basque. Performing arts. markapean.
Trapu Zaharra
Trapu Zaharra kale-antzerkiko euskal konpainia historikoak lau hamarkada baino gehiago daramatza umorean, inprobisazioan eta publikoarekiko harreman zuzenean oinarritutako berezko lengoaia garatzen. Bere ikuskizunek, beti hurbil eta parte-hartzaileak izanik, egunerokoa konplizitatez beteriko joko eszeniko bihurtzen dute.
‘La última y nos vamos!’ lanarekin, azken ikuskizuna aurkeztuko dute: ospakizun itxurako agurra, beren ibilbidea eta antzerkia ulertzeko duten modu berezia laburbiltzen dituena. Beren espirituari leial, konpainiak umorez, emozioz eta topaketaz beteriko amaiera bat partekatuz esango dio agur publikoari.
Emanaldiak:
Maiatzak 23 — 18:00
Maiatzak 24 — 13:30
Maiatzak 24 — 19:00
Osa+Mujika
Jaiotz Osa eta Xabier Mujikaren arteko topaketatik sortu zen Osa+Mujika, eta bi lengoaien uztarketatik: dantza eta plastika eszenikoa. Bata dantzaria eta koreografoa da; bestea, jantzien eta espazioaren diseinatzailea. Elkarrekin, mugimenduaren eta irudiaren arteko etengabeko elkarrizketan eraikitzen dute unibertso partekatu bat.
Batera, indar bisual handiko piezak sortzen dituzte, intuizio beretik abiatutako kontakizun gisa ulertuak: ideiak irudi bizidun bihurtzea. Haien lana sormen-premia sakon bati erantzuten dio, gorputzaren, eszenaren eta begiradaren arteko mugak esploratzeko bulkadari; hala, dantzaren eta arte bisualen artean mugitzen den lengoaia propio bat eraikitzen dute.
Emanaldiak:
Maiatzak 20 — 18:30
Maiatzak 21 — 13:30
Maiatzak 21 — 19:15
El Mono Habitado
El Mono Habitado pentsatu, sentitu eta jarduten duen izaki eszenikoa da, primitiboa bezain argia. Umorearen, metaforaren eta jolasaren bidez, egunerokoa absurdo eta poesia bihurtzen duten unibertsoak eraikitzen ditu. Bere ikuskizunak kontatzeko bulkadatik eta irudikatzeko plazeretik sortzen dira, errealitatea gainditzen duten egoera bitxiak sortuz. Animalia sozial ona den aldetik, publikoarekin zuzeneko topaketa bilatzen du, munduari eta gizakiari buruz duen begirada berezia partekatzeko.
Emanaldiak:
Maiatzak 21 — 18:00
Maiatzak 21 — 20:00
Maiatzak 23 — 18:00
Maiatzak 23 — 20:00
Basque. Performing arts.
BASQUE. Performing arts. egitasmoak enpresak, artistak eta industriako profesionalak aukera globalekin lotzen ditu. Ekimen estrategiko gisa euskal arte eszenikoen nazioarteko presentzia eta ikusgarritasuna sustatzea du helburu.
Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen du eta nazioarteko kolaborazioak errazten ditu, banaketa sustatzen du eta euskal arte eszenikoen azken berrikuntzen berri ematen dio munduari.