Tokion euskara eta euskal kultura ikasten ari diren ikasleekin topaketa
Euskara. Kultura. Mundura.
Tokyo University of Foreign Studies Japoniako hiriburuan dagoen unibertsitatean euskara eta euskal kultura ikasketak eskaintzen dizkie bertako hogeita hamar bat ikasleri Gari Ortigosa irakurleak. Aurtengo ikasturteari hasiera eman asmoz eskola berezia jaso dute gaur ikasleek, izan ere, Bingen Zupiria sailburua eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izan dira gaurko eskolan hizlari.
Euskal kulturaren inguruko hainbat gako eskaini ostean, bertan azpimarratu dute euskal kultura munduratzeko diasporarekin, nazioarteko unibertsitateekin eta bazter guztietako kultur instituzioekin elkarlanean aritzearen garrantzia. Eta hori da, hain zuzen ere, euskal ordezkaritzaren egitekoa Japonian barrena egiten ari diren bidaian.
Tokioko zine jaialdian izan dira aurrena, euskal emakume zinemagileen bost lan hartu dituen “World Focus” sailaren testuinguruan. Bertan, euskal eta japoniar zine industriaren hartu emana sustatu asmoz, Euskal Leihoaren aurkezpen ekitaldia egin zuten pasa den astelehenean. Bertan hartu zuten hitza, besteak beste, Tokyo International Film Festivaleko zuzendari eta presidenteak, eta baita Irene Larraza eta Bingen Zupiria sailburuak. Egun bat beranduago, Estibaliz Urresola euskal zinemagileak “20.000 erle espezie” filmagatik zine jaialdiaren Sari Etikoa eskuratu zuen, TIFFek estrainekoz eman duen errekonozimendua. Gainera, Urresolak eta Isabel Herguerak (“Sultanaren ametsa”) haien filmeen proiekzioaren ostean publiko japoniarrarekin solasteko parada ere izan zuten. Honako hauek dira, A kategoriakoa den mundu mailako zine jaialdi garrantzitsuenetariko honetan eskaini diren euskal filmak: ‘20.000 erle espezie’ (Estibaliz Urresola), ‘Sultanaren ametsa’ (Isabel Herguera), ‘O corno / The Rye Horn’ (Jaione Camborda), ‘Arnasa Betean: emakume zinemagileak’ (Rosa Zufía eta Bertha Gaztelumendi) eta ‘Las buenas compañías / In the Company of Women’ Silvia Munt.
Euskadi Japan 2023
Euskadi Japan 2023 sektore anitzeko ekimena Euskadiren eta Japoniaren arteko harremanak areagotzea eta agerian jartzea du helburu. Bi lurraldeen arteko harreman horiek indartzea eta lankidetza berriak sortzea da proiektuaren helburua, hainbat alorretan: kultura, gastronomia, turismoan, ekonomian, kirolean…). Etxepare Euskal Institutuak Euskadi eta Japoniaren arteko harreman eta lankidetza kulturalei dagokionez loturak estutzen dihardu.
2023an zehar, aldebiko programazioa gertatzen ari da bi lurraldeetako alor anitzeko jarduerak sustatzeko helburuz. Zinemaren arloan dagoeneko bizi ditugu programazioaren ekintzetako batzuk, hala nola, 71. Donostia Zinemaldiak egindako Hiroshi Teshigahararen azterabegirakoa, Donostiako Okendo Kultur Etxeko ‘Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak’ erakusketa eta Azkuna Zentroan ematen ari den ‘Mangatik zinemara: zinema japoniar garaikidea’ zikloa. Bueltan, martxoan ‘Unicorn Wars’ filmak Niigatako Zinema Jaialdiko programazioan parte hartu zuen eta Tokyo International Film Festivalen Euskal Leihoa atala erakutsi da. Hurrengo hilabeteetan aldebiko ekintza gehiago izango dira bi lurraldeetan.
Etxepare Euskal Institutua eta irakurletza
Etxepare Euskal Institutuak mundu osoko unibertsitateekin lankidetza hitzarmenak sinatzen ditu nazioartean euskal ikasketak eskaini ditzaten. Tokyo University of Foreign Studies-en 2015etik ematen dira euskara eta euskal kultura eskolak. Euskara eta euskal kultura, gizarte eta historiako ikasketak ematen dira.