Udazken literarioa

2026/10/30

Madrildik Miamira, Guadalajaratik eta A Coruñatik igarota. Udazken honetan, euskal literatura Europako eta Amerikako hainbat hiritara iritsiko da, jaialdi, liburu azoka eta literatura egonaldiak tarteko. Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin, euskal idazleek beren lanak ezagutarazi, beste sortzaile batzuekin esperientziak partekatu eta irakurle berriekin harremanetan jartzeko aukera izango dute.

Euskara. Kultura. Mundura.

Istorio guztiek bezalaxe, euskarazkoek ere bidaiatzen dute; mugak zeharkatzen dituzte eta ahots berriak topatzen dituzte beste aldean. Udazken honetan, hainbat euskal sortzailek beren lanak eta esperientziak partekatuko dituzte Europako eta Amerikako hitzordu ezberdinetan, beste sortzaile eta irakurle batzuekin solasean.

Hizkuntzaz aldatzen diren istorioak

Istorio batek urrutira iristeko, beste hizkuntza bat behar izaten du askotan. Azaro honetan, bidaia hori posible egiten dutenen lana jarriko dute erdigunean bi ekimenek.

Itzultzaile Berriak egitasmoak hamar urte bete ditu, euskararen eta beste hizkuntza batzuen arteko zubiak eraikitzen. Lehen edizioan parte hartu zuten lau itzultzaile —Barbara Pregelj, Laura Liubinavičiūtė, Katarzyna Sosnowska eta Maria Pachkova— Euskal Herrira itzuliko dira, Juan Kruz Igerabideren testuak lantzeko eta, Donostiako Literaktum jaialdian, euskal literatura Esloveniako, Lituaniako, Poloniako eta Bulgariako irakurleengana gerturatzen izandako esperientziak partekatzeko.

Itzulpengintzaren balioa aitortzeko tartea ere izango da. Azaroaren 12an, Bilbon, 2026ko Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria banatuko da. Sariak 2015az geroztik aitortzen du itzultzaileek eta argitaletxeek euskaraz sortutako literatura beste hizkuntza batzuetako irakurleengana helarazteko egiten duten funtsezko lana.

Madril: poesia, musika eta kontatzeko beste modu batzuk

Euskal literaturak presentzia nabarmena izango du Madrilgo bi jaialditan, beste arte diziplina batzuekin dituen loturak arakatzeko aukera eskainiko dutenak.

Azaroaren 14an, Eñe jaialdiak euskal literaturari leiho bat zabalduko dio Ventana a la literatura vasca ekimenarekin. Miren Agur Meabek komisariatutako eta Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean antolatutako programazioa da. Jardunaldiak Iñigo Astiz, Maialen Berasategi, Oier Guillan, Felipe Juaristi, Edu Zelaieta eta Ane Zubeldia idazle eta poetak bilduko ditu, Lur Olaizola zinemagilearekin eta Ibon RG musikariarekin batera. Solasaldiak, irakurketak, zinema eta musika uztartuko dituzten hiru saiok egungo euskal sorkuntzaren ahotsen eta adierazpideen aniztasuna erakutsiko dute.

Astebete geroago, azaroaren 21ean, Amorante musikariak eta Itziar Garaluce artista bisualak poesia, soinu-esperimentazioa eta ikusizko sorkuntza uztartzen dituen proposamena aurkeztuko dute POETAS jaialdian, La Casa Encendidan. Amorantek bere disko berria aurkeztuko du Garaluceren ikusizko sorkuntzek lagunduta, antzinako kantuen, herri musikaren eta abangoardiako soinuen arteko elkarguneak arakatuz.

Amerika: Miamitik Guadalajarara

Atlantikoaren beste aldean, Unai Elorriagak Miami Book Fair azokaren 43. edizioan parte hartuko du, azaroaren 15etik 22ra. Estatu Batuetako literatura topaketa nagusietako bat da azoka, eta literatura iberoamerikarrari eskainitako programa zabala du.

Idazleak bi jardueratan parte hartuko du, Programa de Autores Iberoamericanos egitasmoaren barruan. Azaroaren 21ean, idazketaz, irudimenaz eta irakurketaz solastatuko da Sergio Andricaínekin, Haur Literatura eta Irakurketari buruzko XIII. Mintegian. Hurrengo egunean, Francesco Pasqualeren bosgarren arima (Sobre las cinco almas de Francesco Pasquale) eleberria aurkeztuko du.

Literatur bidaiak Mexikon izango du jarraipena. Danele Sarriugartek Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan parte hartuko baitu, azaroaren 28tik abenduaren 6ra. Gaztelaniazko argitalpen-industriaren topagune nagusietako bat da azoka. Azaroaren 30ean, Otra cosa (Consonni, 2026) aurkeztuko du, euskaraz idatzitako beste zerbait eleberriaren gaztelaniazko itzulpena.

Libros para cuando el mundo pesa topaketan ere hartuko du parte, Elma Correa, Lucía Solla Sobral, Giulia Caminito eta Claudia Ulloa Donoso idazleekin batera. Literaturak babesleku eta lagun izateko duen gaitasunaz hausnartzeko aukera eskainiko du saioak. Abenduaren 1ean, berriz, literatura ikastetxeetara hurbiltzen duen Ecos de la FIL ekimenean arituko da. Horrez gain, Guadalajaran eta Mexiko Hirian beste literatura-topaketa eta jarduera batzuk izango ditu.

Jaialdi eta liburu azoketatik kanpo ere, udazkenak sorkuntzarako tartea eskainiko du. Azaroan zehar, Miriam Luki idazle eta kazetariak egonaldia egingo du A Coruñako 1863 Literatura Egoitzan, bere literatura proiektu berrian lan egiteko.

Euskal kulturari buruz gehiago jakin nahi?

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>