Università di Bologna: Iban Zaldua
Euskara. Kultura. Mundura.
-
26Aza 2025
Bolonia
Bolognako unibertsitatean 2012-2013 ikasturtetik izan du euskara eta euskal ikasketen irakurletza Etxepare Euskal Institutuak, Hizkuntza, Literatura eta Kultura Garaikidearen Departamentuaren barruan. Irakurletza horren baitan, Bolognako unibertsitateko Alma Mater Studiorum zentroak Espainiako demokraziaren 50 urteen harira kultur programa osatu du.
Hain zuzen ere, Francoren heriotzaren 50 urte betetzen direla Estatuan izandako aldaketa eta gatazkei buruz hausnartzeko programazioa ondu du unibertsitateak, Espainiako, Kataluniako eta Euskal Herriko kultur erakundeekin lankidetzan, besteak beste. Hala, aurkezpenak, idazleekin topaketak, eta ikus-entzunezkoen egitaraua antolatu du Bolognako unibertsitateak azaroaren 22tik abenduaren 12ra.
Azaroaren 26an, Iban Zaldua euskal idazleak parte hartuko du ‘50 anni di democrazia in Spagna’ (‘Demokraziaren 50 urteak Espainian’) programan, ‘La transición (el cuento) de nunca acabar’ (‘Trantsizioa, amaigabea den (ipuin) hori’) izenburu duen topaketan.
Bertan, idazle donostiarrak Espainiako trantsizioaren atzerabegirakoa eskainiko du bere errelatoen ikuspuntutik, begirada kritikoa, ironikoa eta literarioa uztartuz. ‘Trantsizioa, amaigabe den (ipuin) hori’ topaketa memoria kolektiboa osatzen duten istorioei buruzko hausnarketa zirikatzailea da. Historia garaikidearen eta narraziogintzaren zaleentzat ezin galduzko hitzordua.
Iban Zaldua
Iban Zaldua (Donostia, 1966), ipuin kontalaria da, batez ere. Bere liburuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: ‘La isla de los antropólogos y otros relatos’ (Lengua de Trapo, 2002), ‘Itzalak’ (Erein, 2004), ‘Mentiras, mentiras, mentiras’ (Lengua de Trapo, 2006), ´Porvenir´ (Lengua de Trapo, 2007, Euskadi Literatura Saria), ‘Biodiskografiak’ (Erein, 2011), "Inon ez, inoiz ez" (Elkar, 2014) edota ‘Como si todo hubiera pasado’ (Galaxia Gutenberg, 2018). Era berean, ‘Si Sabino viviría’ (Lengua de Trapo, 2005) eta ‘La patria de todos los vascos’ (Lengua de Trapo, 2009) eleberriak idatzi ditu, baita ‘Ese idioma raro y poderoso’ (Lengua de Trapo, 2012, saiakerako Euskadi Saria) bezalako saiakerak ere. Argitaratu dituen azken lanak ‘Korrespondentziak’ trukaketa epistolarra, James Robertson idazle eskoziarrarekin (Erein-Etxepare Euskal Institutua, 2019) eta ‘Una visita al Museo de Armería’ (Azala-Etorkizuneko zirriborroak, 2020) kontakizun luzea izan dira. Volgako Batelariak literatur aldizkariko kide izan zen.