Vårscenefest: ‘Rikardo III eta ni’
Euskara. Kultura. Mundura.
-
29Api 2026
Tromsø
18:00
Norvegiako Vårscenefest arte eszenikoen jaialdiaren programazioaren baitan, euskal sorkuntza eszenikoa izango da Tromsø hirian. ‘Rikardo III eta ni’ antzezlana taularatuko dute Horman Poster eta Dxusturi teatroa konpainiek apirilaren 29an, arratsaldeko 18:00etan (GMT+1) Rådstua antzokian, klasiko baten berrirakurketa garaikidea proposatzen duen lan eszenikoa.
Obrak boterearen, anbizioaren eta identitatearen inguruko gogoeta egiten du, Rikardo III-ren unibertsoa abiapuntu hartuta, eta formatu hibrido baten bidez —testua, performancea eta elementu bisualak uztartuz— ikuspegi pertsonal eta ironikoa eskaintzen du.
Emanaldiaren biharamunean, apirilaren 30ean, hausnarketa-jardunaldi irekia egingo da Hålogaland Theatre-n (10:00–14:00), jaialdiaren Reflection room egitasmoaren baitan. Topaketa honetan, ‘Rikardo III eta ni’ lanak sortzen dituen galderetatik abiatuta, hizkuntza gutxituen eta klasikoen arteko harremana aztertuko da, bai eta kulturen arteko loturak eta desberdintasunak ere. Bigarren zatian, Whiteout dantza-ikuskizuna abiapuntu hartuta, galera, dolua eta osasun mentala bezalako gaiak landuko dira, ikusleen parte-hartzea sustatzen duen elkarrizketa-gune ireki batean.
Vårscenefest
Vårscenefest jaialdia Tromsø hirian egiten da urtero, eta Europako arte eszeniko garaikidearen topagune garrantzitsuenetako bat da. Programazioan nazioarteko sortzaileak biltzen dira, proposamen berritzaileak eta diziplina artekoak aurkeztuz.
Euskal konpainiaren parte-hartzeak euskal sorkuntza eszenikoaren nazioarteko presentzia indartzen du, eta beste testuinguru kultural batzuekin elkarrizketa sustatzeko aukera eskaintzen du.