Cratère Surfaces jaialdiko Outdoor Lab Experience programan parte hartzeko deialdia irekia da jada

2026/03/26

Euskara. Kultura. Mundura.

Etxepare Euskal Institutuak 2026ko uztailaren 2tik 4ra Frantziako Alès hirian izango den Cratère Surfaces jaialdiko Outdoor Lab Experience programan parte hartzeko deialdia ireki du. Aurten, Etxepare Euskal Institutuak, Eusko Jaurlaritzak eta Artekalek jaialdiarekin garatutako lankidetzari esker, Euskal Herria izango da Cratère Surfaceseko herrialde gonbidatua.

Jaialdiaren 2026ko edizioko egitarau ofizialean ariko diren euskal konpainien deialdia plazaratzeaz geroztik, oraingoan Cratère Surfaces festibalaren baitako Outdoor Lab Experience formakuntza-programan parte hartuko duten lau euskal konpainia edo sortzaile hautatzeko deialdia zabalik da. Kale arteetako artista gazte zein konpainia berriei —nazioartean ibilbiderik egin gabeak— zuzendutako programa honek lau eguneko formakuntza eta nazioarteko trebakuntza egiteko aukera emango die.

Outdoor Lab Experience saioaren egonaldia uztailaren 1etik 4ra izango da. Cratère Surfaces jaialdiak bere gain hartuko ditu euskal kale-arte konpainien ostatua, eta Etxepare Euskal Institutua, bestalde, sortzaileon bidaia-gastuez arduratuko da. Egonaldian parte hartu nahi duten hautagaiek 2026ko apirilaren 17ra arte dute proposamenak bidaltzeko epea.

Euskal presentzia Cratère Surfaces jaialdian

Eusko Jaurlaritzak arte eszenikoen sektoreko euskal profesionalen parte hartzea sustatzeko jardueretako bat da Outdoor Lab Experience formakuntza-programa. Horrez gain, Cratère Surfaces jaialdiko egitarau ofizialean euskal presentzia sustatuko du Etxepare Euskal Institutuak, euskal leihoa osatuko duten 7 euskal konpainiaren partaidetza bermatuz.  

Cratère Surfaces jaialdiak urtero-urtero, zehazki, mota ezberdinetako kale-ikuskizunak programatzen ditu, besteak beste: formatu handiko ikuskizunak, zirkua, dantza, eta antzerkia. Kultur ekitaldi honen baitako euskal kale-arte konpainien presentzia, hala programazio ofizialean nola Outdoor Lab Experience programan, Etxepare Euskal Institutuaren ‘Ça colle au basque’ egitasmoaren babespean gauzatuko da, zeinak frankofoniaren eremuan euskara eta euskal kultura sustatu nahi baititu. 

Euskal arte eszenikoei buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu
?>