Hamasei edizio bete ditu Bikaintasuna Euskal Ikasketetan uda-ikastaroak

2026/07/13

Gaur egungo euskarazko musikagintzaren egoera xehe aztertu dute artista, sustatzaile eta eragileek, Etxepare Euskal Institutuaren eta Musika Bulegoaren eskutik.

Euskara. Kultura. Mundura.

Gogoetarako plaza bilakatu da Donostiako Miramar Jauregia, uztailak 8, Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XVI ikastaroaren karietara, ‘Euskara oholtzetan: musika, hizkuntza, nazioartea’ izenburupean. Hamaseigarrena du Etxepare Euskal Institutuak UIK uda-ikastaroen baitan antolatu duen jardunaldiak, eta euskarazko musika sorkuntzari heldu diote bertan, Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearekin lankidetzan.

Hitzaldi eta mahai-inguru saioen bitartez, euskarak musikan duen presentziaz, euskaraz sortutako musika-aniztasunaz, bateko eta besteko musika egileek beren jardun profesionalean hartzen dituzten hizkuntza-hautuez, eta nazioartekotze garaian euskarazko musikak dituen erronkez aritu dira Arkaitz Villar, Musika Bulegoko proiektu arduraduna, Maren Berzosa, Jurgi Ekiza eta Jon Maia Soria sortzaileak, eta Amaia Ispizua Get In-eko sustatzailea.

Jardunaldiaren irekieraren ondotik, Euskal Herriko musikak bizi dituen erronketan jarri du soa Arkaitz Villarrek. Horien artean daude, haren esanetan, zuzeneko musikagintzan diharduten teknikarien profesionalizazioa eta musika-artisten prekarietatea, sektorearen lan-baldintzei dagozkien genero arrakala, digitalizazioa, babesletzak, eta nazioartekotzea. Halaber, Basque. Music. nazioartekotze-plataforma aurkeztu du, egitasmo horren pean nazioarte mailan sustatutako —euskal musika— proposamenak eta topaketa profesionalak zedarrituz. Marka horren baitan, mundu mailako hamaika agertokitan izan da euskal musika, eta hori halako beste horrenbeste hitzordutara iritsi da euskal musikarien sona, Basque. Music.-ek hauspoturik.

Segidan, hizkuntza-hautuez aritu dira Maren Berzosa, Jurgi Ekiza eta Jon Maia Soria. Maren artista bizkaitarrak bere hastapenak gogora ekarri ditu, eta bidean hartu behar izandako erabakiez mintzatu da, han-hemenka bizi izandako ‘infiltratu’ sentsazioa lehen lerrora ekarrita. Aurreiritziak aurreiritzi eta kontraesanak kontraesan, haren ikus-entzulegoa asetze aldera oreka bila aritzen dela aitortu du, eta gaineratu, ezen haren jarraitzaileak ez baitira “beharbada” hizkuntza-hautuez bera bezain kontziente. 

Maren Berzosa

Jurgi Ekizak, ildo beretik, gaztaroko ibilbidea gogora ekarri nahi izan du, haren hautu artistikoen zioak xeheki ezagutarazte aldera. Musika sortzailetzat du bere burua, eta, Willis Drummond taldearekin bi hamarkadako ibilbidea egin ondoren, Ekiza musika-proiektuan dihardu. Sortzaile baionarrak euskal musikarekin —eta oro har nortasunarekin— bizi izandako berridentifikazio prozesuaz jardun da, Negu Gorriak fenomenoak susperturik. Orduz geroztik, bere sorkuntza proiektu oro euskaraz izan da, hizkuntzarekiko harreman sentimentalaz harago, nahiz bere hautuak dimentsio politikotik ere baduela ametitu. “Guk euskaldunok ez badugu euskaraz sortzen, nork eginen du?”, erantsi du.

Jon Maia Soria bertsolari eta letragileak, bere aldetik, euskal kulturaren historian atzera arakatu nahi izan du euskal musikaren, eta bereziki kantagintzaren, tasunik behinena. Ehunka kantaren letra idazlea, kate luze baten katebegitzat du bere burua, kantaria bainoago. Gainerako solaskideen abiapuntu beretik ekin dio bereari, adieraziz euskara “oso urruti” dagoela beste ezein hizkuntza hegemonikoren tresna eta baliabideekin alderatuta. Hartara, euskal kulturaren hezurdura XV. mendeko kantu batean aurki daitekeela iradoki du, non eta ‘Bereterretzeren Khantoria’ kantuan, hain justu. Bertsolariak esana, euskal kanta bakoitzak gizakate infinito horri eutsi dio, euskal musikaren datuak, estatistikak eta merkatuak gorabehera. Hitzartzea bere kantutegiko lan ezberdinen irakurrialdi labur batekin borobildu du.

Manager-, promotore- eta jaialdien kudeaketa-lanetan ardaztu da Amaia Ispizua Get In-eko sustatzailearen solasaldia. “Espektatibak non kokatzen diren, halakoxea eztabaida”, Peiremans taldearen itzulera kari, bertaratutakoak xaxatu ditu Ispizuak. Argitu duenez, ezein managerrek sektorea ongi ezagutu behar duenez, euskarari lotua dago haren lana, ezen horren arabera kontratatuko baitituzte erakunde publiko zein jaialdi-antolakunde pribatuek nolako edo halako musikariak. Hein berean, artistaren lana dimentsionatzea berebizikoa dela azpimarratu du, programazio eta errealitate bakoitzari egokitze aldera, eta jaialdien kudeaketa bere gain ere badutela erantsi, Miramar Gauak jaialdiarena esaterako, non euskarazko artistak dagokien lekua izaten saiatzen diren. Bukaera aldera, komunikazio-eredu berrietatik eratorritako ohitura aldaketek bai musikaren kontsumoan eta bai euskararen erabileran izan duten eraginean jarri du arreta.

Jardunaldiari amaiera emateko, hizlari guztiak mahai-inguruan elkartu dira, euskarazko musikagintzaren erronkak eta aukerak hizpide hartuta. Jon Maiaren esanetan, euskal musikak badu oraindik "atzerri" handi bat etxean bertan, euskal gizartearen zati erdaldunarengana iristeko erronka oinarri hartuta. Sare sozialen erabileraz ere aritu dira: Maren Berzosak edukien kalitatea zaintzeko egiten duen ahalegina azaldu du, eta Jurgi Ekizak aitortu du sareetako hizkuntza-hautua askotan publikoaren ezaugarriek baldintzatzen dutela.

Musikarien lan-baldintzak eta arrakastaren neurriak ere izan dituzte hizpide. Amaia Ispizuak adierazi du gaur egun arrakasta maiz estadioak betetzearekin edo sold out kartelarekin lotzen dela, eta Ekizak makroekitaldien logikak gero eta pisu handiagoa duela ohartarazi du. Berzosak, berriz, autoekoizpenak ematen duen askatasuna eta baliabide ekonomikoen urritasuna kontrajarri ditu. Jardunaldia ixteko, Monika Madinabeitiak eta Maddi Aranak egun osoan zehar partekatutako gogoeta eta ideia nagusiak bildu dituzte, euskarazko musikagintzak dituen erronkak eta aukerak elkarrizketaren eta lankidetzaren bidetik lantzearen garrantzia azpimarratuz.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>