Cratère Surfaces: arte eszenikoetako jaialdian parte hartzeko deialdia zabalik

2025/10/22

Euskara. Kultura. Mundura.

2026ko uztailaren 2tik 4ra ospatuko da Cratères Surfaces jaialdia Frantziako Ales hirian, eta Etxepare Euskal Institutuak bertan parte hartzeko deialdia ireki du, kale-arteetako euskal konpainia profesionalek beren proposamen artistikoa bidal dezaten.

Etxepare Euskal Institutuak, Eusko Jaurlaritzak eta Artekalek jaialdiarekin ondutako lankidetzari esker, 2026ko edizioan Euskal Herria izango da jaialdiko herrialde gonbidatua. Horri esker, arte eszenikoen sektoreko euskal profesionalen parte hartzea sustatuko du Eusko Jaurlaritzak, bertan hainbat jarduera profesional antolatuz. Horrez gain, jaialdiko egitarauan euskal presentzia sustatuko du Etxepare Euskal Institutuak. Euskal leihoa osatzeko, 6 euskal konpainia hautatuko dituzte antolatzaileek.

Cratère Surfaces jaialdiak, zehazki, mota ezberdinetako kale-ikuskizunak programatzen ditu, besteak beste: formato handiko ikuskizunak, zirkua, dantza, eta antzerkia. Euskal konpainien parte hartzeari dagokionez, batetik, Cratère Surfaces jaialdiaren antolakuntzak beregain hartuko du arte eszenikoetako konpainien ordainsaria; bestetik, hautatutako euskal konpainien bidaia- eta ostatu-gastuak beregain hartuko ditu Etxepare Euskal Institutuak, ‘Ça colle au basque’ egitasmoaren babespean, zeinak euskara eta euskal kultura frankofoniara sustatu nahi baititu.

Cratère Surfaces jaialdiaren 2026ko edizioan parte hartzeko deialdia 2025eko azaroaren 7an itxiko da, gauerdiz. Deialdian parte hartzeko, ezinbestekoa da ondoko eskabide-orri hau bete eta etxepare@etxepare.eus helbidera helaraztea, mezuaren gaian “DEIALDIA CRATÈRE SURFACES” zehazturik. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>