Edinburgh Festival Fringe – Assembly Festival: Erain + Helena Wilhelmsson

Euskara. Kultura. Mundura.

  • 07
    Abu 2026
    16
    Abu 2026
    Edinburgo

Edinburgh Festival Fringe arte eszenikoen alorreko ekitaldi garrantzitsuenetako bat da nazioarteko mailan. Abuztuan egiten da urtero, Edinburgon, eta egun horietan Eskoziako hiriburua mundu osoko konpainia eta artisten agertoki bilakatzen da. Dimentsio artistikoaz gain, jaialdia plataforma garrantzitsua da konpainien ikusgarritasuna sustatzeko eta nazioarteko programatzaile eta profesionalekin harremanak egiteko.

Etxepare Euskal Institutuak Eskoziako dantza zentro nazionala den Dance Base-ekin duen lankidetzaren baitan, euskal sorkuntza koreografikoa Fringen izango da aurten ere, Erain eta Helena Wilhelmssonen emanaldiekin. Dantzako profesionalei eta nazioarteko eragileei zuzendutako hainbat jarduera ere antolatu dira.

Erain

´Jarraibiderik gabe´

7, 8, 9, 11, 12, 13, 14, 15 and 16 August | 13:00 | Dance Base – Studio 3

Jarraibiderik gabe lanak gorputzen eta objektuen arteko elkarrizketa iradokitzailea proposatzen du. Materialak, jolasa eta eraldaketa sorkuntzarako tresna bihurtzen ditu. Zorroztasun fisikoa interpretazio ugaritara irekitako iruditeriarekin uztartuz, etengabe eraldatzen ari den unibertso bat eraikitzen du piezak.

Erain Oier Zuñiga eta Lorea Bakero dantzariek osatutako konpainia gaztea da.

 

Helena Wilhelmsson

´Trembling Frequencies´

7, 8, 9, 11, 12, 13, 14, 15 and 16 August | 13:00 | Dance Base – Studio 3

Trembling Frequencies dantza eta mitoa uztartzen dituen pieza poetiko eta erraietakoa da. Sirenen irudian eta ahotsaren bidez erakartzeko duten botere misteriotsuan inspiratuta, identitatea, bakardadea, amorrua eta norberaren ahots artistikoaren bilaketa bezalako gaietan barneratzen da lana.

Helena Wilhelmssonek, duela zenbait urtetik Euskal Herrian bizi den dantzari suediarrak, bere lehen lan koreografikoa aurkeztuko du Trembling Frequencies piezarekin. Jordi Vilaseca koreografoarekin batera sortutako bakarkako lana da.

Programa profesionala

Edinburgoko euskal partaidetza sektore profesionalari zuzendutako hainbat ekimenekin osatuko da.

Abuztuaren 4tik 9ra, Helena Wilhelmssonek dantza garaikideko eskolak emango dizkie dantzari profesionalei, Dance Base-en prestakuntza programaren baitan.

Halaber, abuztuaren 11n, 10:00etatik 12:00etara, Basque Dance Pro Presentation izeneko topaketa egingo da Dance Base-en, nazioarteko programatzaile eta eragileei zuzenduta. ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteko eta parte hartuko duten bi konpainietako ordezkariek euskal dantzaren ekosistema eta Basque Dance katalogoa aurkeztuko dituzte. Topaketan, halaber, euskal konpainien nazioarteko presentzia sustatzeko Etxepare Euskal Institutuak eskaintzen dituen laguntza ildoak ezagutaraziko dira.

Ekintza horiek euskal dantzaren nazioartekotzea bultzatzeko, bertako sortzaileen ikusgarritasuna handitzeko eta nazioarteko sektoreko profesionalekin harreman berriak sustatzeko Etxepare Euskal Institutuak eta Dance Base-ek duten lankidetzaren parte dira.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>