Fest’Arts: Amaia Elizaran & Neønymus + Ertza + Komerobi
Euskara. Kultura. Mundura.
-
06Abu 202608Abu 2026
Libourne
Fest´Arts, Frantzian egiten den kale-arteen jaialdi nagusietakoa da. Aurten ere euskal artisten lanak ikusi ahal izango dira bertan, Etxepare Euskal Institutuaren eta jaialdiaren arteko lankidetzari esker. Hiru egunez, milaka ikusle bilduko dira Libourneko kaleetan antzerki, dantza, zirku eta sorkuntza garaikideko proposamenak ezagutzeko; horien artean izango dira gonbidatutako euskal konpainien ikuskizunak.
Amaia Elizaran & Neønymus
Abuztuak 6 | 11:00 & 19:00 | Les Quais
Ahotsak, oso antzinako instrumentuak eta makina modernoak uztartzen dituen doinu berezi batek lotuta, dantzari batek eta musikari batek elkarrizketa moduko bat sortzen dute. Konposizioaren eta inprobisazioaren artean kokatzen den dantza garaikideko pieza honek gorputzak uneoro bere burua berrasmatzeko duen gaitasuna aztertzen du.
Proposamenak bi euskal artista elkartzen ditu: Amaia Elizaran dantzari eta koreografoa, eta Neønymus, Silberius de Ura diziplina anitzeko artistaren musika-proiektua.
Ertza
Abuztuak 8 | 11:00 | Les Quais
Un-wek «bat» esan nahi du changanaz, Afrika hegoaldeko hainbat herrialdetan hitz egiten den bantu hizkuntza bat. Mundu bakarra, planeta bakarra, herri bakarra. Sare sozialen bidez denak elkartuta gaudelako utopia engainagarrian bizi den herria, desparekotasunak etengabe handitzen diren bitartean. Mendeak igaro dira, baina oinetan kateak daramatzagunaren sentsazioak bere horretan dirau. Indibidualismoa eta gaur egungo esklabotza moduak salatzen dituen ikuskizuna.
Abuztuak 8 | 20:30 | Les Quais
«Zuek erlojuak dituzue; guk denbora». Neurtu, salerosi edo haren atzetik etengabe ibili arren, mendebaldeko gizarteek beti dute denbora falta. Afrikan, ordea, denbora bizi, eduki eta eraiki egiten da. Zorionez, dantzak orainaldiarekin berriz konektatzeko ahalmena ematen digu. Dantza urbanoa, dantza tradizionala eta garaikidea uztartuz, Ertzako dantzariek dugun ondasunik preziatuena zein den gogorarazten digute: daukagun denbora.
Ertza 2004an Asier Zabaleta dantzari eta koreografoaren zuzendaritzapean sortutako dantza garaikideko konpainia da. Bere sorkuntzek dantza eta beste diziplina artistiko batzuk uztartzen dituzte, gizartearen kontraesanei hizkuntza fisiko eta bisual baten bidez heltzeko. Sortu zenetik, Europan, Asian, Afrikan eta Amerikan zehar aurkeztu ditu bere ikuskizunak, nazioarteko ibilbide sendoa eraikiz.
Komerobi Produkzioak
Abuztuak 7 | 11h & 22h | Parking Max Linder
Argilunak hitzak «argiak eta itzalak» esan nahi du. Dantza, arte bisualak eta zuzeneko proiekzioak uztartzen dituen pieza garaikide honek argiaren eta iluntasunaren arteko dualtasuna aztertzen du, bizidunen eta hildakoen munduen arteko muga sinboliko gisa. Memoriaren eta doluaren inguruko duo sentikorra da, eraldaketarako eta berpizterako bide gisa ulertua.
Komerobi Produkzioak sorkuntza eszeniko garaikideko konpainia da, dantzaren, antzerkiaren, musikaren, arte bisualen eta poesiaren arteko elkarrizketa ikertzen duena. Antzokietarako, espazio publikoetarako eta ohikoak ez diren guneetarako sortzen dituzten proposamenek indar bisual eta emozional handia dute, eta gorputzaren, arkitekturaren eta lurraldearen arteko harremana aztertzen dute.