PUK Puppet Theatre: ‘Obabakoak’

Euskara. Kultura. Mundura.

PUK Puppet Theatre: ‘Obabakoak’
  • 01
    Abu 2026
    05
    Abu 2026
    Tokio

Abuztuaren 1etik 5era, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak (TOPIC) Tokioko PUK Txotxongilo Jaialdiaren 55. edizioan parte hartuko du, Bernardo Atxagaren Obabakoak lanean inspiratutako proposamen batekin.

Parte hartzea Japoniako jaialdiaren zuzendaritzak Titirijai 2025en TOPICi egindako gonbidapenetik sortu zen, eta Etxepare Euskal Institutuaren babesa du. Gonbidapen horretatik abiatuta, TOPICek bere txotxongilo ondarearen lagin bat Tokiora eramango duen proposamena sortu du, Obabakoak-en literatura unibertsoa abiapuntu hartuta.

Proiektuak, sinbolikoki, TOPIC bi maletatan eramango du Tokiora. Maleta batek eszenografia gordeko du, eta besteak zentroaren funtseko txotxongiloen aukeraketa bat, Euskal Herriko, Frantziako, Kataluniako, Txekiar Errepublikako eta Italiako piezek osatua. Europako txotxongilo tradizioko hainbat teknika erakutsiko dituzte piezek, besteak beste, harizko, hatzezko, eskuzko eta itzal txotxongiloak.

PUK Jaialdian, bi maletak instalazio artistiko iraunkor bihurtuko dira, eta programazioko hainbat unetan hartuko dute bizia. Horretarako propio egokitutako Obabakoak obrako bost kapituluk osatuko dute kontakizuna, eta literaturak eta txotxongilo ondareak bat egingo dute txotxongiloen bitartez.

Proposamenak euskara eta japoniera uztartuko ditu, baina egokitzapenak testurik gabe ere istorioak ulertu ahal izateko moduan sortu dira.

Obabakoak ikusteko saioak

Abuztuak 3 — 18:45
Abuztuak 4 — 15:15 eta 18:45
Abuztuak 5 — 11:45 eta 15:15

Proposamenaren bertsio osoa jaialdiaren amaiera ekitaldian eskainiko da, abuztuaren 5ean, 18:00etan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>