Eloise Garmendia Bieter Katedra: Oihane Pardo
Euskara. Kultura. Mundura.
-
20Mar 202604Api 2026
Boise
Etxepare Euskal Institutuak Boise State University-n (BSU) sustatzen duen Eloise Garmendia Bieter Katedrako aurtengo gonbidatua Oihane Pardo Perez arkitektoa, ekintzailea eta Amarenak markaren sortzailea izango da.
BSUko egonaldian zehar, Oihane Pardok euskal historia eta kultura ezagutarazteko modu berritzaileak aztertuko ditu, artea eta moda tresna estrategiko gisa erabiliz.
Saio akademiko eta komunitarioen bidez, jantziak kultura bizirik mantentzeko eta belaunaldi berrietara eramateko duten gaitasuna landuko du. Aldi berean, AEBko diasporarekin lotutako ikerketa txiki bat garatuko du, euskal identitarean adierazpen garaikideak aztertzeko eta etorkizuneko lankidetza-ildoak eta diseinu proiektuak identifikatzeko.
Hauexek dira ikerlari gonbidatu gisa burutuko dituen ekintzak:
- Martxoak 23, 12:00 (GMT -6): ‘Basque Global Migration’ irakasgaian hitzaldia emango du, ‘What We Carry: Migration, Identity, and Cultural Memory Woven into Clothing’ izenburupean.
- Martxoak 23, 17:00 (GMT -6): hitzaldi irekia emango du, ‘Small Country, Global Impact: How Design Amplifies Non-Dominant Cultures’ izenburupean.
- Martxoak 25: John Bieter irakaslearen mintegian ‘Tradition as Method: Cultural Activation Through Basque Dress’ aurkezpena egingo du.
- Martxoak 31, 18:00 (GMT-6): ‘Threads of Memory: Designing Local Identity for Global Presence’ hitzaldia eskainiko du Boiseko Euskal Etxean.
- Apirilak 1: ‘Memory, War, and Identity: Matxitako — Stories the Sea Still Carries’ dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia.
Oihane Pardo
Oihane Pardo Perez Donostian jaiotako arkitekto, ekintzaile eta Amarenak markaren sortzailea da. Arkitekturan graduatua ondotik nazioarteko ibilbidea egin eta gero, 2016an Donostiara bueltatu eta Amarenak sortu zuen, euskal jantzi tradizionalen berrinterpretazio garaikidean oinarritutako diseinu-proiektua. Azken hamar urteetan, euskal ondare materiala eta historiaren pasarte esanguratsuak modaren bidez berrirakurri eta gaurkotu ditu, tokiko ekoizpena, jasangarritasuna eta kultur transmisioa uztartuz. Egun, diseinua kultur aktibaziorako eta lurralde-identitatearen indartzerako tresna gisa darabil, Euskal Herriaren eta diasporaren arteko zubiak eraikiz.
Eloise Garmendia Bieter Katedra
2015an abiatutako Eloise Garmendia Bieter Katedrak euskara eta euskal kulturarekin harremana duten gaien irakaskuntza eta ikerkuntza bultzatzen du. Katedrak Boiseko alkatearen David H. Bieterren -euskal lurraldetik kanpo euskara dakien alkate bakarra- amaren izena darama, euskal kulturarekiko izandako konpromisoagatik eta komunitatean jokatutako rolarengatik.