Europako euskal etxeetako euskara irakasleen topaketa Valentzian
2025/10/20
Euskara. Kultura. Mundura.
“Adimen artifizialaren eragina hizkuntzen irakaskuntzan eta Euskararen ahalduntzean” abiapuntu hartuta burutu da urriaren 17 eta 18an, Valentzian, 2025eko Europako euskal etxeetako irakasleen topaketa, Etxepare Euskal Institutuak eta Valentziako Centro Vasco Navarro Laurak Bat Euskal Etxeak antolatuta.
2025-2026 ikasturtea prestatzea xede, Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programako koordinatzaile Kinku Zinkunegi eta 10 irakasle batu dira, Bordeleko, Pariseko, Bartzelonako, Madrilgo, Valladolideko eta Valentziako euskal etxeetatik bertaratuak. Aurtengo ikasturtean Europako euskal etxe gehienetan irakatsiko da euskara.
Urteroko eskarmentu eta zalantza-trukeez gain, Egoitz Etxeandiak ikastaro-tailerra eskaini du, adimen artifizialak hizkuntzen irakaskuntzan eta euskararen ahalduntzean duen eraginetik abiatuta. Topaketa ostiral eta larunbatez burutu da, eta, besteak beste, adimen artifizialak parez pare jartzen dituen beldur, behar eta aukeren inguruan hausnartu dute parte-hartzaileek, bai eta LLM-k (Large Language Model, Hizkuntza Eredu Handiak) mintzairen irakaskuntzan zein ikaskuntzan eskaintzen dituen aukerez ere. Horrez gain, material pedagogikoen ekoizpena, dokumentazioa eta ikaskuntzaren pertsonalizatzea izan dute aztergai, testuak ulermen-maila ezberdinetara egokitzeko praktikak ezagutu dituzte, eta, adimen artifiziala baliatuta, ikas-materiala sortzeko multimedia tresnak aurkeztu zaizkie, baita burokrazia-lanak arintzekoak ere.
Horrekin batera, ohi dutenez, irakasle bakoitzak dagokion euskal etxean azken urtean euskararen inguruan egindako lanaren berri eman du eta, aurten, HABEren INGURA plataforma estreinatu berria aurkeztu zaie Europako euskal etxeetako irakasleei.
Euskara Munduan programa
Etxepare Euskal Institutuaren eginkizunen artean dago mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea, eta horretarako dauka Euskara Munduan programa. Gaur egun mundu osoko 70etik gora euskal etxetan ematen dira euskara eskolak Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin.
Programak 1990ean Argentinako euskal etxeetan euskararen ezagutza berreskuratzeko asmoz sorturiko Argentinan Euskaraz egitasmoan du jatorria. Urte batzuk beranduago programa munduko beste hainbat herrialdetako euskal etxetara zabaldu zen eta ordudanik Euskara Munduan du izena. 2018az geroztik Etxepare Euskal Institututik kudeatzen da programa eta, besteak beste, honako eginkizunak ditu: munduko euskal etxeetan ematen diren euskara eskolak diruz laguntzea, irakasleen trebakuntza sustatzea, euskal etxeak euskara-eskolak bideratzeko materialez hornitzea, eta euskara maila egiaztatzeko azterketak antolatzea.